"AROZTEGIA ETA GERO ZER?" TALDEAREN PRENTSA AGERRALDIA



Aroztegia eta gero zer? taldeak Aroztegiako proiektu espekulatzailea gelditzen duen Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiaren berri emateko eta hura baloratzeko  prentsa agerraldia egin du. Hitzez-hitz hauxe diote: 

Aroztegia eta gero zer? taldeak Aroztegiako proiektu urbanistiko-espekulatzailea geldiarazi duela jakinarazi nahi du. Nafarroako Auzitegi Nagusiak elkarteak aurkeztutako errekurtsoa ontako eman eta aitzineko udalak eta Nafarroako Gobernuak onartutako Udal Planaren aldaketa bertan behera utzi du, horrela, Aroztegiako lurren kalifikazio-aldaketa bertan behera utziz. Aroztegiako proiektua ez da egiten ahal; jokaldi espekulatzailea gelditu dugu. Zorionak, lekaroztarrak; zorionak baztandarrak. 

Proiektu espekulatzaile hau krisirat, oraingo langabezi eta gainbehera sozial egoerarat ekarri gaituen eredu ekonomikoaren adibide garbiena da. Hortaz egitasmoa geldiarazi dugun honetan herritarrak antolatzearen balioa aldarrikatu nahi dugu. Proiektu ero eta burugabeen aitzinean herritarrak antolatzea beharrezkoa da, informazioa lantzea, eztabaida bulkatzea, borrokatzea, mobilizatzea… Garaipen hau horren guztiaren emaitza da. Antolatzeak merezi du, borrokatzeak merezi du, mobilizatzeak merezi du. Antolatuz eta borrokatuz irabazi daiteke eta irabazi dugu. Hori guztia honen irakaspenik handiena da, herritar guztiendako eta proiektu burugabe guztiendako balio duena. Animo eta antolatu!

Lehendabiziko momentutik lekaroztarren eta baztandarren gehiengoa proiektu espekulatzaile honen aurka agertu da. Hala ere, herri galdeketaren eta herritarren aurkakotasunaren gainetik lehengo Baztango Udaletxeak, Nafarroako Gobernuak eta egunkari batzuetako kazetariek Palacio de Aroztegiako interes espekulatzaileei amen erranen diete. Botere egitura hori guztia garaitu dugu.

Palacio de Aroztegiaren gibelean gero katakrak egin duen Caixa Galicia eta Baztango kapitalista handiak ibili dira. Proiektu espekulatzaile hau kapital handiaren bertze jokaldia izan nahi zuen herritarren iritziaren gainetik, herritarren beharren eta interesen gainetik, bai ala bai egin nahi zuten proiektua zen. Baina herritarrek gelditu dugu.

Bertzetik, eta proiektua geldiarazi duen epaiari buruz, lehenengo momentutik, Lekarozko Herriak hasieran eta Aroztegia eta gero zer? taldeak gero, behin eta behin jakinarazi eta salatu dutena: Aroztegiako baso-lurretan sutea izana zela eta legeak argi eta garbi dioela sua izandako lurren kalifikazioa ez dela hogeita hamar urtez aldatzen ahal. Modu horretan, lehengo Baztango udalak eta Nafarroako Gobernuak modu guztiz axolagabean jokatu dute prozesu guztia alferrik aitzinerat egitera utziz, administrazio publikoari dagokion jokabide arduratsuari bizkarra emanik. 

Alta, proiektuaren aurkako argudioak bertzelakoak ziren eta dira, ez sutearena: Aroztegiakoa oraingo krisiaren muinean dagoen proiektu urbanistiko-espekulatzailea zela, gauetik egunera 40 hektarea lurzoru urbanizaezin urbanizagarrian bihurtzen zuela, nahiz Udal Planean nahi bertze lurzoru urbanizagarri egon; Baztango bizitegi beharrarekin deus ikustekorik ez duen etxeketa egitea aurrikusten zuela; praktikan Baztanen herri berria eginen luketela, hamaseigarren herria hain zuzen; nekazal lurrei buruzko presioa handituko lukeela… Hori guztia zen proiektua gelditu dugu.

Akitzeko, garaipen hau ospatzeko heldu den azaroaren 23an Elizondoko gaztetxean herri-afaria eta gaualdia antolatu ditugu eta, bertara, garaipena ospatu nahi duten guztiak gonbidatu nahi ditugu.

Zorionak bertze behin.