"BERATIK" BLOG BERRIARI ELKARRIZKETA

Zer da Beratik bloga?
Beratik Bloga proiektu komunikatibo berri bat da, Beratik eta Berara egina. Xedea Beratarrak herrian gertatzen denari buruz informatuak mantentzea da, eta funtzio hori betetzen badu, herritarrek egunero edo noizean behin bisitatuko duten orrialde batean bihurtzea. 
Ze helburu ditu?
Bertan herrian gertatzen diren eta bertze komunikabideetan argitaratzen ez diren berriak eskaintzea da helburua, eta horretan herritarrek ere parte hartzea. Eguneroko gertaera garrantzitsuei buruz informatu nahi da, hala nola hurrengo egunetan herrian eta inguruetan antolatzen diren ekitaldi eta ekimenetarako deialdia egin. Horretarako ezinbertzekoa da herriko eragileen parte hartzea eta gauzatzen dituzten jarduerei buruzko informazioa bidaltzea. 
Zer gisako harrera izaten ari da?
Lehenbiziko argitalpenetik bi aste pasa diren honetan 1500 ikustaldi izan ditu Beratik blogak eta sare sozialean jada 300 lagun baino gehiago ditugu. Balorazioa hagitz positiboa da eta gure itxaropenak soberan gainditu ditugula erran genezake; aurrerantzean martxa hau mantentzen badugu gure helburua betetzat eman dezakegu. 
Zer aipatzen ahal duzue Berari buruz? Laburrean, zertan dago herri mugimendua?
Beran badira hainbat kultur eta gizarte eragile, eta ekitaldi ugari antolatzen dira. Berak badu bizitza kultural bat, eta gizarte mugimendua ere badago. Hala ere, herritar talde jakin batek komunikazioari dagokionez gabezia bat ikusi du. Sare sozialek eta orokorrean Internetek eskaintzen duen aukera eta Berako herria osotasunean hartzen duen komunikabiderik ez dagoela ikusirik, aspaldian pentsatuta zen ideia hau gauzatzea erabaki da. Horrela, asmoa beratarrak haien artean komunikatuak mantentzea da eta horrek herri mugimenduan izanen duen eragina onuragarria izango dela espero da.