Prentsaurreko
honetan agertzen garen alderdi politiko, sindikatu eta erakunde sozialok iritzi
publikoari helarazi nahi diogu Herrira herri-mugimenduaren aurka egindako
operazioari buruzko iritzi bateratua, batetik, eta gertakari hori dela-eta
elkarrekin emango dugun erantzunaren berri, bestetik.
Hasteko
aipatu beharra daukagu hemen bildutako erakundeok Herrirarekin normaltasunez
ditugula harremanak, eta horri eutsi egingo diogula. Asko partekatu izan dugu,
elkarrekin lan egin dugu eta gure artean erakundeen zein pertsonen arteko
harremanak daude. Erakunde horretako hainbeste militante eta arduradun atxilotu
izanak nahigabea eta haserrea eragiten digu. Horregatik, edozer baino lehenago,
atxilotuekiko eta hauen senideekiko elkartasuna adierazi nahi dugu. Halaber, ez
dugu ezkutatu nahi beldur garela azken orduotan egoitza polizialean jaso
dezaketen tratua medio.
Erabat arbuiatzen dugu ekintza judizial, polizial eta mediatiko hau gidatu duen erabaki politikoa. Izan ere, erabaki honek eskubide eta askatasun demokratikorik funtsezkoenak urratzen baititu. Herrira gurean erakunde aski ezaguna dugu: bere ekintza publikoa da; gure inguruko erakunde sozial eta politiko asko eta askorekin dago harremanetan, eta haiekiko lankidetza bilatzen du; bere ekimen guztiek hiru ezaugarri izan dituzte, eta uneotan ezinbestekoa da horiek nabarmentzea: baketsuak izan dira, elkar ulertuz pluraltasuna izan dute helburu, eta betiere giza-eskubideen defentsa izan dute ardatz.
Horrenbestez,
guretzat begi-bistakoa da bidegabekeria honek helburu politiko bat, edo
hainbat, duela. Lehena, ageri-agerikoa, euskal preso politikoen eskubideen
defentsa kriminalizatzea. Noiz, eta argitaratzekotan denean espainiar estatuak
presoekiko ezarri duen zigorren luzapen krudelari buruzko epaia.
Kriminalizazioa medio espainiar gobernuak aldez aurretik zuritu nahi du bere jokabidea,
giza-eskubideen auzitegi europarrari kargu hartuko bailioke estatu-arrazoiaren
aurkako epai bat emanez gero.
Bigarrenik,
operazio honekin "sine die" luzatu nahi dute itun antiterroristaren aro
politikoa, hots, makrosumario eta ilegalizazioek markatu duten aroa. Gure
herriko esparru zabal baten lan politikoa eragoztea da xedea, hark irtenbideen
aldeko jarrera izanagatik, ataka antirrepresiboan kateatuta gera dadin eta bere
garapena galarazte aldera. Horixe da estatuaren “immobilismo” delakoaren
helburua: Euskal Herrirako agenda bakarra aparatu guztien mobilizazio itsua da: errepresiboak,
judizialak, instituzionalak nahiz komunikabideetakoak.
Hirugarrenik,
nabarmena iruditzen zaigu makrooperazio honen keaz estali nahi dituztela egun espainiar
gobernuan dagoen alderdiak dituen konta ezineko arazoak, esaterako, bi besterik
ez aipatzearren, ustelkeria kasuak edota erabakitzeko eskubidearen aldeko
erreibindikazio nazionalak gori-gori egotea. Ideia honen isla biribila da zein
unetan datorren operazio hau, hain zuzen gobernuak justiziak erreklamatutako
torturatzaileak atxilotzea ukatu duenean.
Laugarrenik,
uste dugu era honetako operazioekin saiatzen ari direla presoen auzia gutxi
batzuen arazo bihurtzen. Horregatik, gogoratu beharra daukagu hemen bildu garen
erakundeok preso eta errefuxiatuekiko eskubideekin zalantzarik gabeko
konpromisoa hartu dugula, eta konpromiso horri ez diogula amore emango, estatua
setaz saiatuagatik ere. Hain zuzen, operazioa nolabait gure aurka ere badoa,
eskubide horien defentsan Herrirarekin lanean ari izan baikara azken aldion.
Horregatik,
sinetsita gaude erantzun zabal eta irmoa bultzatu behar dugula bidegabeko
operazio honen aurka. Atzo goizetik bertatik erantzuna emateko dozenaka ekimen
izan da gure herrietan eta eskualdeetan. Horiekin batera, hemen gauden
antolakundeok iragartzen dugu Bilbon manifestazio nazionala izango dela
datorren larunbatean, urriak 5, arratsaldeko 5.30etan, La Casillan hasita. Gure
helburua da espainiar estatuari helaraztea euskal jendarteak bidegabekeria hauekiko
duen sentipena, eta gure elkartasuna adieraztea atxilotuekin, berehala libre
utz ditzatela exijituz. Ekitaldia deitzen dugun erakundeok lan egingo dugu
mobilizazio honek aste honetan babesik zabalena izan dezan. Hots, lan egingo
dugu Herrirak egiten duen gisan, “Tantaz tanta, gota a gota”, guztion eskubide
eta askatasunen defentsan elkar ulertzeko ahaleginez.