ERDIZ BIZIRIK taldeak azkeneko asteetan Baztango egitura ekonomikoari buruz argitaratu diren datuak Erdizen garrantzia berresten dutela azpimarratzeko prentsarako oharra argitaratu du. Hauxe dio hitzez-hitz:
Erdiz Bizirik taldeak Erdizeko bazkaleku komunalak Baztango
ekonomia errealean duen garrantzia azpimarratu nahi du eta, horretarako,
Baztango egitura ekonomikoari buruz azken aldian argitaratu diren datuak aipatu
nahi ditu.
Hasteko, aurtengo Erdizeko bazkalekuaren erabilera datuek
aipatzen dutenez, bazkalekua inoiz baino baserritar gehiagok erabili dute,
denera 100 baserritarrek hain zuzen. Horrela, aurten guztira 500 behi buru
pasa, 162 zaldi-behor buru eta 836 ardi buru alatu dira Erdizen. Datuek ez dute
zalantzarako tarterik uzten, Erdizeko bazkaleku komunala Baztango
nekazariendako behar-beharrezkoa da eta sektore ekomiko estrategiko horren
oinarrizko baliabidea da.
Hori erranik, aurtengo turismoari buruzko datuak ere aipatzekoak
dira. Baztango turismo bulegoak inoiz baino turista gehiago erregistratu ditu,
%28 gehiago Uztailan eta %94 gehiago Abuztuan. Baztanenerat etortzen diren
turistak Baztango inguruaz gozatzera heldu dira, Baztango kultura paisaiaz.
Nekazariek eraiki dute nortasun eta erakarpen bereziko kultura paisaia hori, Baztanen
estrategikoa den turismo sektorearen –landetxeak, jatetxeak, errotak, abentura
kirolak…- bizkarrezurra dena.
Bertzalde, joan den urriko Elizondoko feriek aspaldian
izandako erantzunik jendetsuena aipatu beharra dago. Alde batetik Elizondoko
Herriak nekazariekin azkeneko bortz urteetan egindako lanari esker merkatuko
plazak zuen irudi ederra, eta, bertzetik EAEn besta eguna izanik ehunka jendek
Elizondorat etortzeko egin zuten aukera. Halaber, azaroaren hasieran egindako Kirikoketa
bestak ere sagardogintzak sektore
produktibo moduan Baztanen duen ahalmena erakutsi zuen eta, horrekin bat,
sagardogintzaren kulturak turistak erakartzeko duen ahalmena ere bai. Halaber,
irailean egindako behi-azienda pirenaikoen feriak sektore honen garrantzia
nabarmen uzten du.
Datu hauek guztiek erakusten duten moduan Baztanen eragin
handia duen errealitate ekonomiko konplexu eta garrantzitsua dago. Bertako
ohiko jarduerek, ondare komunalak eta jende aunitzen lanak eraikitakoa eta,
azkeneko urteetan gorabidean ari dena. Horren baitan Erdizeko bazkaleku
komunala dago. Hala, Magnaren Erdizeko proiektuak eta Baztango Garapenerako
Elkarteak horri ematen dion babesak, ekonomia egitura hori guztia mehatxatzen
du.
Azkenik hamaikagarren
aldiz Erdiz Aldude Mendi izeneko Babes Bereziko Eremuan dagoela oroitarazi nahi
dugu eta Europako legediak bertan harrobia egitea debekatzen duela.