Baztango euskalgintzak antolaturik atzo Elizondoko karriketan euskararen normalizazioan Baztanen aldi berria abiarazteko alimaleko kalejira aldarrikatzailea egin zen. Herritarrak hiru toki desberdinetatik abiatu ziren: Elbeteko plazatik (Baztangoizako herritarrak), Baztan Berri auzotik (elizondarrak) eta BMko industrigunetik (Erberea eta Basaburuakoak). Denera, 1.000 herritar inguru. Ekimenak Euskararen nazioarteko egunarekin bat egin bazuen ere berezko edukia zuen Nirekin euskara. Euskaldunak baikara leloarekin Baztango udala UEMAn sartu izana mugarritako jo eta aldi berri baten irekiera irudikatu nahi izan zuen. Horrela orain hamar urte Elizondoko karriketan Oinarriaken manifestaldiari erantzunez bildutako ehunka herritarren ekinaldiak euskalgintzaren bilgunea, euskararen udal batzordea, Baztango Euskararen Ordenantza eta, azkenik, UEMArako sarbidea ekarri bazituen, orain, herritarrei zuzenduriko ekinbidea abiarazi nahi da, herritarrengan pausatu konpromisoa, euskaraz egunero, nonanahi bizitzeko konpromisoa, euskaraz bizi nahi dut leloa aldiro praktikara eta mingainerat eramanez.
Atzoko kalejira aldarrikatzailean ehunka herritarrekin batera eragile pila batek parte hartu zuten eta, horrela, Elizondoko karrikak kolorez eta musika bete ziren: kankailuak, joaldunak, fanfarreak, abesbatzak, soinulariak… Akabailako ekitaldia ere horren guztiaren isla izan zen.