EH
Bilduk Tokiko Garapenari buruz larunbatean Agurainen antolaturiko
arialdirat lau baztandar joan ginen. Euskal Herriko esperientzia
desberdinak protagonisten eskutik ezagutzeko aukera izan genuen batez
ere, egitasmo desberdinek komunean dituzten osagaiak aztertuz.
Gipuzkoako Foru Aldundiak abiaturiko Lurralde Garapenerako Gipuzkoa
Sarean egitasmoaren berri izan genuen, Tolosaldeko Tolosaldea
saretzen egitasmoa, Lea Artibai ibarreko garapen egitasmoa,
Udalbitzaren Pirinioa Garatzen, Sakanako Sakantzen Sarea edota
Ezkerraldeko tokiko garapen egitasmoa. Komunean dituzten osagaian
artean aipa daitezkeenak subjektu desberdinen ahalduntzea bulkatzen
dutela eta, horien artean, eskualdeak. Halaber, gure buruengan
konfidantza elikatu behar dela, alternatibak eraikitzeko gai garela
sinitsiz. Horren haritik, lan aunitz egin behar dela eta, bereziki,
lana nola egin kontuan hartu behar dela, harreman eredu berria
landuz. Halaber, egoeraren jabe izatea derrigorrezkoa dela
azpimarratu zuten, hau da, errealitatearen azterketa sakona egin
behar dela, baina ohiko indikatzaileetaz gain, baldintza subjektiboak
ere identifikatu behar direla: nola gauden, honetan guztian sinisten
ote dugun, ilusioa... Azken batean bizi dugun errealitatea aldatu
nahi dugu eta, horretarako, ilusioa nahitaezkoa da.
Modu
horretan, alde batetik Pedro Iturbek Gipuzkoako Foru Aldundiko
Lurralde Garapeneko zuzendariak herrialdean Gipuzkoa Sarean
izenburupean abiatu duten lurraldearen lehiakortasunerako
estrategiaren berri eman zuen. Laburki erranik, erakunde publiko
desberdinen artean lidergo konpartitua bulkatzen duen esperientzia
da, eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlana sustazen duena eta
herritarren parte hartzea oinarri duena. Hala, estrategia horren
baitan eskualdeak boteretu nahi dituzte. Modu berean prozesu guztia
lurraldearen konplexutasuna eta eragileen aniztasuna kontuan hartu
ikasketa prozesu bezala ezaugarritu zuen, ibilian ikasiz egiten dena
eta baldintza berrietarat moldatzeko ahalmena duena.
Bertzalde,
Ibai X Tolosako alkateak Tolosaldeako Tolosaldea Garatzen
esperientziaren berri eman zuen. Berak ere, garrantzitsuena prozesua
bera dela adierazi zuen. Nolanahi ere, egiten ari direna azalduz,
eskualde ikuspegian kokatzen den egitasmoa dela erran zuen, eragile
sozioekonomiko desberdinak bildu nahi dituena hortik lan talde
zehatzak sortzeko eta eper ertain/ luzean proiektuak egiteko. Hala,
garapen sozioekonomikoa epe luzeko ikuspegian txertatu nahi dute.
Bertzeren artean, guzti hau bideratzeko maila politiko eta teknikoan
adostasunak behar direla erran zuen, ikuspegi partekatua izan beharra
dagoela. Horrekin bat herri ttiki eta handien artean harreman berria
sustatu behar dela. Horrelako prozesuek inbertsio zehatzak
finantzatzeko izan ohi duten zailtasunei buruz, eskualdeko udalek
beren IAE zergaren %10 ekimen honetarat bideratzeko konpromisoa hartu
dutela jakinarazi zuen. Betiere, bidea galdera aunitzekin eta
erantzun guttirekin hasi zutela erran zuen.
Sabin
Kortabitarte Lea Artibai Ibarreko Garapen esperientziaz solastatu
zen. Iragan mendeko 70. hmarralditik heldu den beren bailarako
prozesuaren gako nagusiak agertu zituen. Hala, alde batetik, garai
horretan gurpil zoroa bizi zutela zioen: jendea badoa deus ez
dagoelako eta ez dago deus jendea badoalako. Hala, gurpil zoro hori
hautsi beharra dago. Horretarako hausnarketa sakonan egin behar dela
azpimarratu zuen ez dela inprobisaziorik behar. Halaber, fondoko
lasterketa dela erran zuen eta bertatik bertarako garapena sortu
behar dela ez etorkizuna multinazionalekin enpleguaren aitzakian
saldu gabe. Ildo horretan, norabide baten inguruan indarrak biltzeko
gai den gizatalde konbentzitu batek inork guttik sinisten dituen
helburu utopikoak lortu ditzakeela aldarrikatu zuen. Horrekin bat,
egoeraren kontzientzia kolektiboa behar dela erran zuen, geroan
sinistea eta jendearen autoestimua suspertu.
Baztanen
dagoeneko solasaldi bat ematen izan dugun Joseba Garmendiak berriz
Sakantzen Sarea zertan den aurkeztu zuen. Betiere, garapenak
dimentsio aunitz dituela aitortuagatik garapenaren oinarri ekonomikoa
kontuan hartu behar duela erran zuen. Modu berean, eredu
sozioekonomikoaren eraldaketa ez dela tokiko eskalan ematen erran
zuen bertze eskala orokorragoan baizik eta, horregatik, bi eremu
desberdindu behar direla eskala orokorra, zeinean gatazka eta
konfrontazioa eman daitekeen eta tokiko eskala, zeinean
adostasunerako aukerak eman daitezkeen. Horrekin bat, tokiko
garapenari buruz proiektu ideologizatu paralizanteetaz harago,
lokaztu behar dela aldarrikatu zuen, kontradikzioetan murgildu eta
tokiko errealiatean eragin.