Nafarroako
Abortatzeko eskubidearen aldeko batzarreko Oihanak eta Maitek PPren gobernu
ultrakontserbatzailearen abortuaren lege proposamenari buruz solastatu ziren
ortziralean Elizondon. Arizkunenea kultur etxean bildu ziren hogeiren bat emazteki eta
gizonkiren aitzinean lege honetaz solastatu bidenabar, Nafarroako Abortatzeko
eskubidearen aldeko batzarrak argitaratutako bigarren txostena ere hizpide izan
zuten, modu horretan, Estatuko abortuaren lege desberdinak aztertuz eta Nafarroako egoera zehatzaren berri emanez.
PPren lege
proposamenari buruz, honen izaera ideologiko, inposatzaile eta azientifikoa salatu zuten. Oraino umeki
izaterat iritsi ez den zelula emaztekien eskubideen gainetik paratzen du,
neskak eta andreak beren gorputzaz erabakitzeko eskubideaz guztiz gabetuz.
Halaber, orain artio indarrean zen 2010eko legeari buruz, epeen legetik
baldintzen legerako bidea egiten du. Hala, lehenengo kasuan legeak finkatutako
14 asteko epealdian emazteki bakoitzak abortatzeko eskubidea egikaritzen ahal
baldin bazuen, orain, bi baldintza zehatzetan bertzerik ez du abortatzen
ahalko: bortxaketa kasuan eta emaztekiaren osasuna arriskuan dagoelarik, eta
kasu horietan ere, hirugarren pertsonek, erran nahi baita, profesionalek hala
onartuta. Emaztekiak ezgauza bezala tratzen ditu eta horren bertze adibidea,
legeak aurrikusitako baldintzak urratuta abortatuz gero, emaztekiak biktima
bezala hartzen dituela, abortua egin duen profesionala zigortuz. Gaur egun
Nafarroan urtero 1.000 abortu inguru
egiten dira, lege honen arabera abortu horiek legez kanpokoak lirateke. Hala,
berriz ere dirudunek kanporat abortatzerat joateko aukera izanen dute eta
langileak eta herritar arruntak bazterturik geldituko dira.
Nafarroako
Abortatzeko eskubidearen aldeko batzarreko kideek emaztekiek beren gorputzari
buruz erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten eta, horretan oinarriturik,
bakoitzak ikusi behar duela nola jokatu. Hala, abortatzeko eskubidea emaztekien
sexu eta ugalketarako eskubideen baitan kokatu zuten eta, hori horrela,
abortatzeko eskubide libre eta doakoa aldarrikatu bidenabar sexu eta ugalketa
eskubideen hezkuntza sustatzearen garrantzia aipatu zuten.
Bertzalde,
lege berri hau eskubide sozialen galera eta mozketa garaian heldu dela
nabarmendu zuten, eta ofentsiba neoliberal eta kontserbatzaile horren baitan
ulertu beharra dagoela.