ERDIZ BIZIRIK: MAGNA ETA GARAPENERAKO ELKARTEAREN JOKABIDEA SALATU DU

Erdiz Bizirikek Baztango Lurralde Okupazio Eredu eta Estrategia txostenari buruz Magnaren eta Baztango Garapenerako Elkartearen eledun gisa ibili denaren jokabidea publiko egin eta salatu nahi ditu. Baztango lurraldea antolatzeko asmoa duen Udal Planaren aipatu txosten estrategikoa apirilaren 10ean goizeko 8:00etan udalbatzarrean onartzekoa zen egunean, Magnak eta Baztango Garapenerako Elkartearen inguruan dabiltzan jendeak udalbatzarkideei buruz azken momentuko presioak egiten ibili ziren; hala,  goizeko 7:30ak aldean hautetsi baten etxerat agertu eta Lurralde Okupazio Eredu eta Estrategia proposamenaren aurka bozkatzeko presioa egin zioten. Magna eta Baztango Garapenerako Elkartearen ingurukoek nahi zutena: Erdizeko bazkaleku komunala, Europako legeek duen balio ekologikoarengatik babesturikoa, jarduera industrialerako erreserba moduan kalifikatzea.


Mafiosotik hurbil dagoen jakabidearekin Baztango ekonomian funtzio produktibo argia duen bazkaleku komunala eztabaida publikorik gabe eta presio bidez desegin nahi izan dute. Horrelako jokabideak guztiz onartezinak dira eta Magna eta Baztango Garapenerako Elkartearen inguruan ibiltzen diren batzuk nor diren eta nola aritzen diren garbi erakusten du.

Horiek guztiak erranik, Erdizeko bazkaleku komunalari buruz ari garelarik 100 baserritar inguruk erabiltzen duten bazkalekuaz ari garela oroitarazi nahi dugu eta, horrek, bailaran duen eragin ekonomiko, sozial eta kultural garrantzitsua. Halaber, Erdiz Aldude Mendi izenko Zainketa Bereziko Eremuan dago eta Europak horrelako tokietan harrobiak egitea debekatzen du. Magnaren balizko proiektua Baztango ekonomia errealaren aurkakoa da eta gainera Europako legeen kontrakoa.

Erdiz Bizirik!