EH BILDUK LANDA EREMUEI BURUZKO SOLASALDIA EMAN ZUEN ELIZONDON


Europako hauteskundeen baitan EH Bilduk landa eremuei eta Europari buruzko solasaldia eman zuen atzo Elizondon. Juanma Intxaurrandieta ekonomilaria eta Maiorga Ramirez parlamentaria Arizkunenearat hurbildutakoen aitzinean mintzatu ziren. Hala, Intxaurrandietak landa eremuak eta Europa gaia lantzerakoan, nekazal politikarako aurrekontuek Europako Batasuneko aurrekontuaren erdia direla jakinarazi zuen eta jende gehienen ustearen aurka, Estatuek eta erkidegoek nekazal politiketan eta landa garapen programetan zer erran handiagoa dutela. Horrela, gurean, Madril eta Iruñea mendialdeko nekazariek eta herritarrek jasaten dituzten politika eta programa hertsatzaileen arduradun dira. Intxaurrandietak erran zuenez joan den abenduan ondoko zazpi urteetarako Europako nekazal politika berria onartu zen, zeinean, landa garapenak zati bat osatzen baituen. Politika horren baitan Nafarroak 173 milioi kudeatuko ditu. Modu horretan, Nekazal politiketan bai Europan baita Estatuan ere lobbyek duten eragina salatu zuen. Espainiako estatuan adibidez nekazaritzako ministro berria Certiberiako goi-zuzendaria izan da.

Maiorga Ramirezek bertzalde, Europako hauteskundeek duten garrantzia azpimarratu zuen. Langileek eta herritarrek jasaten dituzten gisa guztietako mozketak Troika deiturikoaren (NDF, Europako Batzordea eta Europako Banku Zentrala) ardura dira. Baina politika antisozial horietan ere bertako agintariek, Estatuko eta Nafarroako agintariek, parte handia dute. PPk eta PSOEek krisiaren kudeaketan duten ardura salatzeaz gain, Maiatzaren 25ean nafarrei Nafarroako etorkizunaz galdegiteko hautestontzia ez egotearen ardura egotzi zien. Bertzalde, Euskal Herriak Europan ahotsa edukitzea defendatu zuen eta bertze eredu eta sozial bat aldarrikatu ere bai. Modu horretan EAJak Europak murriztailearekin bat egiten duela salatu zuen.