Baztango irakurleen
taldeak gonbidaturik Luis Garde doneztebar poetak Maizter arrotza bere azken aitzineko liburua Iruritako Jauregiarten
aurkeztu zuen. Idazleekin solasean ekimeneko aurtengo hirugarren eta azken
saioa zen atzokoa eta bortz urtez lehendabiziko aldiz, poesiari tartea eskaini
zitzaion.
Poesiari buruzko aurreritziak Luis Garderen lehendabiziko solasekin
puskatu ziren, xaloki eta harat hurbildutakoei galderak eginez poesiagintzaren
eta bere liburuaren barrenkietan murgildu zen, poesiari egozten zaizkion
traszendentziaren eta ulergaiztasunaren topikoak idazlearen lan sistematizatuarekin,
teknikoarekin eta idazterakoan irakurleari buruz duen errespetuarekin
alderatuz.
Maizter arrotza liburuan
Luis Gardek Gabriel Arestiren Aitaren
etxea aitzaki gisa harturik garai bateko aldarri eta amets koletiboen
inguruko gogoeta egiten du. Deserrotzeaz ari da, identitateaz eta bertze
hainbat kontuetaz ere bai. Solasaldian aipatu zuenez Maizter arrotzan giro pisu eta agonikoa nahita eraiki du,
irakurleari nolabaiteko itolarria eragiteko. Poesia pentsamendurako baliabide
gisa erabiltzen du eta poesiagintzan eta literaturgintzan berritzailea izateko
zailtasunak aitortu ondotik, gaurgero erabiliak izan diren irudiak e.a. bere
kontaketarako eta bere ahotsarekin erabiltzen dituela erran zuen.
Jauregiarterat hurbildutakoek hainbat poesia irakurri zituzten solasekin,
sagardo hurrupaldiekin eta tortilla pintxoekin tartekatuz.
Atzoko saioarekin
Idazleekin solasean ekimenaren bortzgarren sasoia akitu zen. Aurtengo
ikasturtean Luis Gardez gain Garbiñe Ubedak Hobe Isilik eta Mikel Tabernak
Alkasoroko Benta aurkeztu dute. Azken bortz urte hauetan Ernesto Prat, Jon
Alonso, Alberto Ladron Arana, Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi, Iñigo Aranbarri,
Gotzon Barandiaran, Lander Garro, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano, Garazi Kamio eta Unai
Elorriagaren solasaldiak izan dira.
Iruritan atzo egindako saioan Pello Iriarte
moldatzen ari den Jauregiarte ostatu-aretoan egin zen, oraino ireki gabe dago
eta harat hurbildutakoek Jauregiaren lixutegi zaharrean eraikitzen ari diren
espazio eder eta xarmantaz gozatu ahal izan zuten.