"HISTORIA GUZTIAREKIN JANTZIRIK SORTZEN GARA (...)"

Asteburu honetan hasi den Nafarroako hegaztien jardunaldiaren baitan, Joaquin Araujo natura-dibulgatzaile handiak Espacios protegidos, en defensa de la vivacidad solasaldi sentigarria eskaini zuen atzo Iruritako jauregian. Berak aipatu bezala, mintzaldia arrazoitzeko baino sentitzeko, hunkitzeko zen eta, hala, bere jario zirraragarri eta apainarekin bitzitzaren defentsan babestutako eremuen garrantziaz jardun zuen, zeharka-edo, Baztanek bere osotasunean, babestutako eremu beharko zukeela adieraziz. Poeta ere badenez, bere ele lirainekin lurraldea babestu beharra sentiarazi nahi izan zuen, azken batean, hunkitzen gaituenak bakarrik mugiarazten baikaitu eta denboran irauten baitu. Gizon jakintsuaren xalotasun eta zehaztasunaz dugun lanik handiena gure iragana guztiz ez xehatzea dela erran zuen, etorkizunaren faboretan zerbait uztea. Eremu bat babesten delarik bizitzarako etorkizun puskat bat gordetzen da. Iraganaren garrantziaz solasterakoan,  bizitzaren historia guztiarekin jantzirik sortzen garela erran zuen, gutako bakoitzak, berarekin espeziearen eta lurraren historia guztia daramala. Gure ahalmenen abiadura menderatzaileari buruz, babestutako eremuen zaintza galga bat litzateke, denbora eta kronologia desberdin baten erabilera. Ildo horretan, gure jendartea xehakuntza etengabean oinarritzen dela erran zuen eta kanpoan xehatzeko gehiago ez dagoelarik norberak bere burua xehatzen duela erran zuen.

Bertzalde, lurraldea mapa baino gehiago zela aipatu zuen. Administrazioen erabakiak, bizitzari buruzko erabakiak mapa gainean hartzen direla, maparen bizitza abstraktuan. Baina “guk” lurraldearen berezko errealitatearekin lana egin nahi dugu, errealitate bizigarri eta taupakariko nekazari eta abeltzainen ezagutzarekin, bizirik diren elementuekin. Ildo horretan, lurraldearen definiziorik hoberena paisaiarena dela erran zuen eta paisaia “bizitzaren bizikidetzazko bizipen bizia” (una vivaz vivencia convivencial con la vivacidad).

Bizitzari aukera bat ematea baina gauza praktikoagorik ez dagoela aipatu zuen, eta babestutako toki bat, ezbairik gabe, aukera bat da. Izenik ez duenik ez dela salbatzen ahal adieraz zuen eta babestutako eremuek ia ez dutela jardunik mugatzen, egiten dutena paisaiaren urteroko errendimenduei egokitu bertzerik ez dela, orain artio bertakoek egin bezala. Babesak, kontserbazioak diruzalekeriaren kontra egiten du bakarrik. Azkenik, babestutako eremuak eremu babesleak direla erran zuen, bizirik diren elementuen babesleak.