“ORPOZ ORPO” ERNESTO PRAT ELIZONDARRAREN AZKEN NOBELA KALEAN

Ernesto Prat Urzainki elizondarrak “Orpoz orpo” nobela berria argitaratu du eta joan den astean, Donostiako udal liburutegian Txalapartako arduradunekin ofizialki aurkeztu zuen. Nobelaren sinopsian hau aipatzen du:
Sasian zegoela ekin zion idazleak klandestinitatea, sexua eta umorea nahasten dituen kontakizun pito hau idazteari.
Liburu honetako protagonistak, Karlosek, ihesari ekin behar dio Guardia Zibilak herrian egindako atxiloketa batzuk medio.
Nafarroan hasi eta Euskal Herritik oso urrun amaituko den alde-egite eroan, aberriaren edo sozialismoaren militante baino sexuaren militante den Karlosek inguruan dauzkan guztiak dantzan jarriko ditu: laguntza emango dioten kideak, poliziak, Erakundea... Hala, bada, estutzen doan bidean, iheslariak orpoz orpo izango ditu txakurrak, atxiloketa, espetxea, heriotza eta erlojua.

“Orpoz orpo” Ernesto Praten bigarren nobela da eta oraingoan Txalapartarekin argitaratu du Literotura bilduman, kontakizun erotikoen sailean. Aitzinekoa “Hiru ilargi laurden” Baztango Metaziri aldizkari-kolektiboak argitaratu zuen. Liburua ohiko liburudendean erosten ahal da.

Baztango aurkezpena urriaren 10ean, atseko 20:30etan Elizondoko gaztetxean eginen du.