ESKUBIDE SOZIALEI BURUZ SOLASTEKO BILERA IREKIA ANTOLATU DU EH BILDUK


Baztango EH Bilduk legealdia baloratzeko eta hauteskunde programarako ekarpenak herritarrekin lantzeko eginahalean, ortziral honetan eskubide sozialei buruzko bilera irekia eginen du. Hitzorduan Baztango zerbitzu sozialetaz, osasungitza publikoaz, zahar­etxeaz eta berdintasunaz solastatuko da.

Eskubide sozialei buruz ari garelarik, herritar gisa gure buruak duinki, osoki eta libreki garatzeko hainbat zerbitzu eta baliotaz ari gara. Modu horretan zerbitzu sozialei buruz, legealdi honetan EH Bilduk krisiak handitzen dituen desberdintasun sozialak kamusteko eta herritar guztiei guttienekoak bermatzeko eginahal azkarra egin du, udaleko zerbitzu sozialak indartuz eta programa berriak ezarriz. Baina horrekin ez da aski, hortaz, herritar guztiei etxebizitza, jana, berokia eta beharrezkoa duten guttienekoak segurtatzeko Baztanen udaletik zer gehiago egin daitekeen eztabaidatuko dugu. 

Bertzalde, osasungintza publikoa desegiten eta pribatizatzen ari diren honetan, osasun zerbitzu publiko eta unibertsala bermatzea nahi eta nahiezkoa da. Azkeneko legealdian EH Bildu landa­ eremuko osasungintza publikoaren defentsan sutsuki aritu da, eragile desberdinekin eta herritarrekin elkarlanean; baina dugunari eusteaz gain, eskualde ikuspegitik herritarrei osasun arreta ttukun eta osoa eskaintzeko zer egin daitekeen gogoetatuko dugu. Ildo horretan, populazioa gero eta gehiago zahartzen ari den honetan, zahar­etxea inoiz baino beharrezkoagoa den zerbitzua da. Zerbitzuaren kudeaketa publiko eta kalitatezkoa bermatu beharra dago, eta oraingo eskaintzatik abiatuta, zaharren zaintzak galdegiten duen behar berrietarat egokitu. Bide horretan zer pausu eman ere solasbide izanen dugu. 

Gainerakoan gure sozietatean emaztekiak beti gizonkien azpitik ageri dira eta hori toki eta modu desberdinetan ikusten ahal da. Emaztekien eta gizonkien parekidetasun eta berdintasunarekin sozietate justuagoa eta bidezkoagoa eginen dugu, zeinean, denak hobe biziko baikaren; emaztekiak eta gizonkiak berdintasunean bizi ahal izateko azkeneko legealdian egin denaz gain, gerora zer egin daitekeen mintzatuko gara.

Eskubide sozialei buruzko hitzordua azaroaren 28an, ortziral honetan izanen da; Elizondoko Arizkunenea kultur etxean, 19:30etatik 21:30etarat. 

Gonbidapena Baztan demokratiko, herritar eta sozialki justu baten alde dauden guztiendako da. 

Baztanen (h)ari gara!