Bart atsean idazleekin solasean ekimenak gonbidaturik Xabier Olarra Alaa Al Aswani egiptor idazlearen Jakobian eraikina liburuari buruz mintzatu zen Arizkungo elkartean. Mundu osoan gaurgero 34 hizkuntzatarat itzulia izan den liburuaren euskarazko bertsioaren arduraduna izan da Olarra, Arantzazu Royorekin baterat. Arizkungo elkartean egindako solasaldian Xabier Olarrak egileari buruzko hainbat kontu argitu bidenabar nobelaren ingurukoetan ere sakondu zuen. Al Aswaniren liburuak herrialde arabiarreko azkeneko hamarkadetako gorabeherak ditu hondoan eta horren baitan ongi eraikitako pertsonaien bidez, gainbehera etorritako ingurune sozial eta politiko itogarrian herritar arrunten bizimodu herabea eta destinu petrala ageri zaigu.
Alta, mintzaldiak ere euskal itzulpengintzari buruz solastatzeko balio izan zuen, Olarrak azkeneko hamarkadak Igela argitaletxearen bidez aribide horretan eman baititu. Gainera itzultzaile tolosarraren umore finak eta literaturari buruzko ezagutza handiak bertze hamaika kontutaz aritzeko aukera ezin ederragoa eman zuen.
Atzoko saioa aurtengo idazleekin solasean ekimeneko lehendabizikoa izan zen. Ondoko hitzordua urtarrilerako egin dute, baina orduan Baztango irakurleen taldeak antolatutako Euskal Nobela Beltzaren asteko egitarauaren baitan. Euskal Nobela Beltzaren asteari buruzko informazio gehiago ondoko asteetan emanen dute.