BAZTANGO EH BILDUREN HIRUGARREN BILERA IREKIA EUSKARA, KULTURA ETA HEZKUNTZARI BURUZKOA


Baztango EH Bilduk legealdia baloratzeko eta ondoko hauteskundeetarako programa zirriborratzen hasteko bilkura irekiekin jarraitzen du. Ortziralean hirugarren hitzordua eginen da eta euskara, kultura eta hezkuntzaren txanda izanen da.
Aipatu hiru arloetan azkeneko legealdian pausu aunitz eman dira. Hala, euskararen normalizazio bidean Baztan Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartu da. Modu berean euskararen udal ordenantza zorrotz betetzen ari da eta udaletxea euskararen normalizazioan eragile aktibo bihurtu da. Alta, euskararen egoera oraino aski maingua da, horregatik, aitzinerat begira eman beharreko pausuek eta hartu beharreko norabideak ongi eta zentzuz finkatzea beharrezkoa da. 
Bertzalde, kulturaren alorrean legealdi honetan udalaren eta herriko kultur elkarteen arteko koordinazioa eta elkarlana bulkatu da eta horrek herritar guztiek ezagutu eta bizi ahal izan duten kultur eztanda ekarri du. Orain artioko pausuak sendotzeko eta erakundeen eta herriko eragileen arteko koordinazioa eta elkarlana finkatzeko zer egin daitekeen aztertzea beharrezkoa da. 
Akitzeko hezkuntzari buruz udaleko hezkuntza batzorde irekiak Baztango hezkuntza arloko eragileen biltokia eskaini du eta horrek hainbat ekimen koordinatzeko eta elkarlana sustatzeko balio izan du. Murrizketen aldi honetan hezkuntza publikoa bermatzeko baina hezkuntza herritar baterat ere pausuak emateko konpromisoak eraiki behar dira. Hezkuntza komunitate aktiboak behar ditugu herriko bizitzarekin eta beharrekin inplikatuak. Halaber herri osoa eragile hezitzailean bihurtzeko eginahala egin beharko litzateke.

Horretaz guztiaz solastatzeko ortziralean atseko 19:30tan Baztango EH Bilduren bilera irekia eginen da Arizkunenean. Bilera horretarat Baztan hobetzeko eginahalean konprometiturik diren jende guztiak gonbidaturik daude. Baztan demokratiko, herritar eta sozialki justu baten alde (h)ari gara!