GOTZON ELIZABURUK GARAN IDATZITAKO IRITZI ARTIKULU INTERESGARRIA:

«La ultraizquierda fracasó»

Ezkerra berrasmatu behar da sektarismo zaharrak baztertuz. Demokraziaren erradikalizazioa da eraldaketarako bidea. Behetik gorako prozesua, demokrazia parte hartzailea herritarren ahalduntzerako prozesu gisa ulertuta

Emir Sader intelektual brasildarrari lapurtu diot titulua. «Página 12» agerkarian publikatu zuen artikulu bati izenburu hori jarri zion. Latinoamerikako kontestuan botatako baieztapena da, noski. Europan halakorik baieztatu al genezake?

Ez dut alferrik ekarri titulua, probokatzeagatik soilik. Iratzar Fundazioak antolatutako Neguko Unibertsitatean ezkerraz eta askapen bideez jarduteko parada izan dugu. Bertan jardun duten ponente guztiek baieztatu dute Berlineko harresia erori ostean gertatutakoaren konstatazio bat: erreforma ala iraultzaren arteko dikotomia zaharra faltsua da gaur egun. Ezkerraren beste uste asko bezala erori da. Raul Zelikek XX. mendean hiru ezker mota egon direla adierazi du: lehena, ezker iraultzailea, bigarrena erreformista eta hirugarrena espazio txikien eraginean sinetsi eta jardun duena.


Hirurek porrot egin dute Zeliken ustez. Ezker iraultzaileak edo haustura zaleak autoritarismo berria ekarri duelako. Herritarren ongizatea bermatzeko ezintasunaren ondorioz, botereari eusteko formula bakar gisa. Erreformistak, sisteman erabat integratu delako, ia neoliberalismoa beste aukerarik ez dagoela sinesteraino. Eta anarkistak, berriz, ez duelako sekula botereari bere dimentsio guztietan aurre egiteko planteamendu edo alternatibarik eskaini.

Latinoamerikako azken hamarkadako esperientziak zein Europan orain gertatzen ari direnak ezkerraren manual klasikoetatik kanpokoak dira. Berrikuntza ekarri dute, imajinario berriak eraiki dituzte. Ilusioa piztearekin batera, berriz ere amesteko aukera ekarri dute. Eta berrikuntza hori nondik etorri da? Bada, aipatutako hiru eskola horien sintesitik, konbinazio forma ezberdinak emanez. Hor ikasgaia: ezkerra berrasmatu behar da sektarismo zaharrak baztertuz. Sintesi horrek beste elementu berritzaile bat ekarri du: iraultza eta demokraziaren arteko batura. Demokraziaren erradikalizazioa da eraldaketarako bidea. Behetik gorako prozesua, demokrazia parte hartzailea herritarren ahalduntzerako prozesu gisa ulertuta.

Euskal Herrian baditugu esperientzia eta baldintzak halako prozesuak garatzeko. Autogestio eta esperientzia kooperatibista zabala, lege aldaketa zehatzak egiteko proposamen gaitasuna eta haustura gauzatzeko kapital politikoa. Hori guztia, ohiko alderdien logikak alboratu eta bestelako imajinarioen bidez artikulatuz. Herritar batasunaren formula Fronte Zabalean berreskuratu, berrasmatu eta egungo egoerara egokitzea gako inportantea izango da.