Hazitik
hoziek antolatutako Baztango ekonomia mintegiaren hirugarren eta azken
larunbatean egin zen eta, bertan, bizitzen ari garen alderdi desberdinetako
krisiaz aritu ziren. Hala, Alex Arizkun NUPeko ekonomia irakasleak krisi
ekonomikoaz gain krisi sozial eta ekologiko bat bizitzen ari garela aipatu
zuen. Krisi horiek ezin dira elkarrengandik bereizi eta konponbideak ere hiruei
buruzkoa izan beharko du, bertzenaz ez baita egiazko konponbiderik izanen. Modu
horretan aitzineko saioetan krisi ekonomikoari buruz solastatu ondotik,
larunbatean, krisi sozialari buruz aritzerakoan joan den mendeko 70. hamarkadan
hasitako eskubide sozialen galeraren ondorioz desberdintasun sozialak handitzen
ari direla aipatu zuen. Horri elkartasunak gibelerat egin duela gehitu zion eta
kohesio soziala arrailtzen ari dela. Halaber, genero desberdintasunak handitzen
ari direla erran zuen. Bertzalde krisi ekologikoari buruz lurraren mugak
gainditzen ari garela ohartarazi zuen, energia iturriak, hainbat mineral eta
lehengai, ura... agortzen ari garela; eta gainera sumideroak gainezkatzen.
Krisiari buruz politika neoliberalak nagusitu dira zero defizitaren bila
austerirate politikak bulkatuz eta sekulako hondamendi soziala eraginez.
Politika sozialdemokratek laztura sozialari kasu gehiago egiten badiote ere
ekonomiaren hazkunde beharrean oinarritzen dira, baina lurraren mugak ikusita
hori ez da bideragarria. Hortaz, logika berriak bilatu behar dira. Erronka hor
dago.