AMAIURKO LIXUTEGIA INAUGURATU BIDENABAR, EMAKUMEEN LANAREN AITORTZA EGIN ZUTEN LARUNBATEAN

Amaiurko emaztekiak eta beren amak eta amatxik protagonistak izan ziren Amaiurren joan den larunbatean, apirilaren 18an. Herriak lixutegia auzolanean zaharberritu zuen 2005-2006 urteetan eta horri helduz, Amaiurko herriak, emaztekiek egindako lana aitortu izan nahi du, daukan garrantzia eta balioa emanez eta isilpetik eta ezkututik ateraz. Herriak, Baztango Udaleko berdintasun zerbitzuak lagundurik, Otsondo barride elkartean, "Lixutegiak emakumeen topaguneak" izeneko solasaldia antolatu zuen, Beatriz Gallego Muñoz hizlariarekin. Historialaria, antropologoa eta generoan aditua, Arabako lixutegien inguruko ikerketa egina du. 

Solasaldira hurbildu ziren28 emaztekiei eta 10 gizonezkoei lixutegiek herrietan izan zuten garrantzia kontatu zien. Hizlariak, genero ikuspegitik, lixutegiek izandako funtzioak azaldu zituen ere. Alde batetik, emakumeen lanetariko bat egiteko lekuak ziren, hasieran erreka bazterretan, ondoren hartarako bereziki egindako eraikinetan. Nola garbitzen zuten, noiz, nortzuk, lanaren gogortasuna etabar. Bertzalde, emakumeen bilguneak ziren, sozializazio guneak: zer nolako harremanak sortzen ziren kontatu zuen, genero-estereotipoetaz ere aritu zen, gizonezkoek laguntzeko bertzerik hurbildu ahal zirela... Enkulturaziorako guneak zirela erran zuen ere, bertan ematen baitzen jakintzaren transmisioa: taldeko balioak ikasi, genero-nortasunaren eraikuntza, etabar. Azkenik, ura etxeetara ailegatzerakoan, lixutegien desagerpenaz aritu zen. Arabako lixutegietako emaztekien testigantzak eman zituen eta elkartera hurbildu ziren Amaiurko emaztekiek, lixutegian lanean aritutakoak, euren bizipenak kontatu zituzten.

Solasaldiaren ondotik lixutegira hurbildu zen jendea. Han Isaak Rekaldek, herriko alkateak, zaharberritzearen nondik norakoak azaldu zituen eta herriak emakumeen lana aitortu eta gogoratzeko paratu duen oroigarri-plaka erakutsi. Oroigarriak Mikel Altzuarten bertsoa eta Enrike Lekuonaren marrazkia ditu. Amaiurko Maritxu Juanikotena, Xole Urrutia, Carmen Córdoba, Manuela Irigoien, Felixa Irungarai eta Emili Irigoienek plaka erakutsi zuten, Urepeletik etorritako bi neska gazteek abesten zuten bitartean. Akitzeko, lixutegian paratu dituzten mahaietan, herriak hamaiketakoa prestatu eta eskaini zuen.