NEKAZARITZAKO LANBIDE HEZIKETA ESKUALDEAN

Aitor Azkarate, Jesus Angel Garcia eta Mikel Sobrino Hazitik hozie, Baztango tokiko garapenerako elkartearen izenean nekazaritzako lanbide heziketaren beharraz: 


Azken urte hauetan nekazaritza bera aunitz aldatu da, batez ere lana egiteko moduarengatik eta nekazari kopuruarengatik, erran daiteke gure eskualdean bazterreko sekotore bat izatera pasatzen ari dela. Urtetik urtera nekazari guttiago bizi da bere eguneroko lanetik eta gainera ikusten da sektore zaharkitua dela , ilusio faltarekin, eta ia ez dela belaunaldi aldaketarik ere ematen ari. Sozialki ere erran daiteke ez dela aktibitate bat “prestijioduna”, gazte gutti baitira lehenbiziko sektorean lan egin nahi dutenak.

Orokorrean inguruko nekazal etxeak poliki-poliki intentsifikatzen edo animali kopurua handitzen joan dira (eskualdeak ingurumenarekin duen lotura alde batera utzirik), makinaria eta estrukturetan inbertsioak eginez, eta gainera hazi eta pozoinen dependentziaren zirrikan sartu gara, behin eta berriz garapena hori dela erran baitigute. Europan sartu ginenetik gehien errepikatu diguten hitza hauxe izan da: konpetitibitatea edo leihakortasuna. Honek dakartzan ondorioak jasaten joan gara, ekoizpenak neurriz handitu eta horrekin batera gizarteari, bertako kulturari eta ingurumenari kalte handia egin diogu.

Teknikari, asesore, saltzaile eta nola ez gure erabakiek egungo egoerara erakarri gaituzte. Hainbertze jakintza mota bidean utzi ditugu, honekin batera lanpostuak, paisaia sinplifikatua, kultura, haziak, arrazak eta belaunaldi gazteen ilusioa.

Uste dugu, nekazal munduan bertze bide batzuk posible direla, horretarako heziketa garrantzitsua da. Argi baitago gurea bezalako eskualdetan, ez dela bideragarria hainbertzetan aipatu diguten leihakortasun mota hori. Bide ezberdinak aztertu beharko lirateke, ekoizpenen dibertsifikazioa, kalitatea kantitateraren aitzinean jarri behar dugu, nolabait produktu ezberdinduak ekoiztu behar ditugu. Gure paisaia, ingurumena, kultura, herriak, nekazaritza bera berreskuratu eta indartu behar ditugu. Hori guztia heziketatik abiatu beharko genuke.

Lurralde garapenerako nekazaritzak tokia behar duela uste dugu, beraz nekazaritza ekologikoa izan daiteke aterabide finko bat, horretarako heziketa oinarrizkoa izanik. Europako bertze herrialdetan nekazaritza ekologikoak badu toki garrantzitsu bat eta hemen polikiago garatzen ari bada ere, goitik doan sektorea da. Zenbait produktuetan eskaera eskaintzaren gainetik dago, beraz pasatzen den trenera upen behar dugu, berandu izan baino lehen. Ezin baitugu atzendu azpiegiturak baditugula (kooperatiba, hiltegia, albaitariak, sindikatuak etab...).

Ekoizpen eredu honek: pertsonak, herriak, kultura, ingurumena eta abar luze bat errespetzen duenak, gainera bertze sektoreekin lotura zuzena du. Hau da, landa turismoa erakargarriagoa izanen da, jakiak osasuntsuagoak lortzeko aukera gehiago izanen dugu, herriak bizitzeko erakargarriagoak izanen dira, lanpostu duinak sortuko dira etab...

Hortaz bada nekazari gazteak hezi behar ditugu, ahalik eta lotura eta errespetu handiena izanik, ingurumenarekin, ekoizpenarekin, salmentan eta nola ez pertsonengan. Beraz agroekologiako lanbide heziketa beharrezkoa ikusten dugu gure eskualdean, bertze nekazaritza bat posible eta beharrezkoa dela erakutsiz.

Beraz agroekologiako lanbide heziketa eskualduna behar dugu!!!!