LEP PROZESUARI BURUZ HARTUTAKO ERABAKIAREN KONTRA, MOBILIZAZIOAK


LAB: 
Ortziralean Mahai Orokorra irakaskuntzako LEPari buruz aritu ginen. LEP honen prozesua luzea eta korapilatsua izan da eta mahai gainean jarri duten proposamena lotsagarria iruditzen zaigu. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako euskarazko 120 plaza kendu dituzte ikasturte honetarako. Mahai Orokorrean gehiengo sindikalak (LAB eta ELA) ezetz esan dio LEP honi.
LABek adierazi du LEP prozesu hau arduragabekeriaz betetakoa izan dela, ondorioz ez dagoela inongo bermerik negoziaketak aurrera egiteko  eta ez dugula  lan egiteko modurik ikusten. Mahai Sektorialeko gehiengo sindikalak ere,  (LAB, Steilas, ELA)   ezezkoa eman dio eta AFAPNAk ere bai.
Irakasle lanpostuen zerrenda kudeaketa arautzen duen 60/2009 Agindu Foralaren  aldaketa ezinbesteko baldintza izan zen sindikatu guztientzako. Ondorioz koherentziaz ezetz esan beharko liokete sindikatu guztiek LEP honi.
Geroa Bairen Gobernuak irakaskuntzako gehiengo sindikala LEP honen aurka izanda, proposamen honekin aurrera egiteko sinesgarritasun osoa galdu du.
Hortaz LABek, prozesu hau kudeatu duen Hezkuntza Departamentuko lantaldearen dimisioa eskatzen du, baita Mendoza Kontseilariarena ere, prozesu hau bideratzeko ahalmena ez duelako erakutsi, negoziazio faltsuetan aritu delako eta kudeaketa traketsa lideratu duelako.
Datorren astean mobilizazioak egingo ditugu LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok. Otsailak 8, 9 eta 10. Nafarroako Jauregiaren aurrean (Carlos III z/g). Eguerdiko 12:00tan izango dira. Kontzentraren leloa “LEP IRUZURRA, ALDAKETARI BAI”.Sindikatu hauek Nafar jendartea mobilizaio hauetan partehartzera gonbidatu nahi dute eta bereziki prozesu honetan kaltetuak izan diren irakasleak.