SUSTRAI ERAKUNTZA: HELEGITEAK EZ DU ERRAN NAHI PROIEKTUA ONA DENIK BAZTANERAKO

Sustrai Erakuntzak epaia aztertzen du eta Aroztegia eta Gero Zer? hitzak bereak egiten ditu. Aroztegiako golf zelaia eta urbanizazioaren proiektua, Baztanen, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi du. Baina hori ez du esan nahi proiektua bailarako ona izango dela, gure ustez. Proiektu zaharkitu bat da, beste garaikoa, adreilua eta azpiegituraren burbuila puzten ari zenekoa. Horrexegatik, orain gelditu behar dela uste dugu.

Bere komunikatuan Aroztegia eta Gero Zer? Plataformaren hitzak eta argudioak gureak egiten dugu, hortaz, ondoan kopiatzen duguna:
Nafarroako Gobernuak, Aroztegiako proiektu urbanistikoa UGPS bidez inposatu zuenean, Sustrai erakuntzak helegite bat sartu zuen epaitegietan erabaki honen aitzinean. Gaur jakin berri dugu epaitegiak ez duela helegite hau onartu eta horren aitzinean ondokoa adierazi nahi dugu:

Argi eta garbi erran nahi dugu Aroztegiako proiektu urbanistikoa hasiera batetik inposatua izan dela. UGPSa onartu zenean ez zen inolako prozesu parte-hartzailerik izan. Gai honen inguruan egin diren prozesu parte-hartzaile bakarrak 2009. urtean Lekarozen egin zen herri galdeketa eta 2016. urtean Baztan osoan egindako herri galdeketa dira. Lehenbizikoan %67a lurren birkalifikazioaren kontra agertu zen eta bigarrenean berriz %80a baino gehiago agertu zen proiektuaren kontra. Horrengatik, ez gaude inposaketa hau onartzeko prest.

Bertzalde, bi urte pasatu dira Nafarroako Gobernuak UGPS hau onartu zuenetik eta oraindik obrak hasi ez direnez, Nafarroako Gobernuari lehen bait lehen geldiarazteko eskatu nahi diogu. Bere esku dago herritarrek nahi ez duten proiektu hau geldiaraztea, afera Baztanen erabakitzeko bideratzea, eta oraindik errazagoa da orain epe hau pasatuta inolako arrisku juridikorik gabe egin bait daiteke.

Akitzeko, garbi erran nahi dugu proiektu hau gelditzeko lanean segituko dugula!