KOTXERIK GABEKO NAZIOARTEKO EGUNAREN HARIRA BIZIKLETA MARTXA ELIZONDON


Bihar ortzirala autorik gabeko nazioarteko eguna ospatuko da. Horren baitan Elizondoko Herriak antolaturik herriko bazterrak ezagutzeko bizikletaldia eginen da. Herriko sortzaile eta historialariek gidaturik hainbat txoko eta bazter berezi ezagutzeko aukera izanen da. Bizikletaldia atsaldeko 18:00tan abiatuko da Elizondoko plazatik.

Azkeneko urte hauetan eragile desberdinen ekimenez mugikortasun iraunkorragoa bulkatzeko hainbat ekimen egiten ari dira Baztanen. Mugikortasun iraunkorragoa bulkatzeko autoaren erabilpena mugatzea eta ttipitzea beharrezkoa da eta herri barnean oinez edo bizikletan harat-honat mugitzea. Helburu horrekin udazken eta udaberri aldean ikastetxeek, bailarako elkarteek eta udalak bizikleta egun eta asteak antolatu izan dituzte, oraingoan lekukoa Elizondoko herriak hartu du.