ZUHAITZAREN EGUNA OSPATU ZUEN JOAN DEN IGANDEAN IKASTOLAK

Urteroko ohiturari segiz, Zuhaitz Eguna ospatu zuen Baztan Ikastolak joan den igandean, otsailaren 18an. Ikastetxeko Guraso Elkarteak antolatuta, Oinez Basoa 2015eko eremu batean zuhaitzak landatzera joan ziren guraso zein haurrak. 9:00etan elkartu ziren denak Otsondo mendatean eta gehienak handik oinez abiatu ziren landaketa tokira. Ibilbide laburragoa egin nahi izan zutenek Otsondo Ttikitik abiatzeko aukera ere izan zuten.
Gogotik aritu ziren haur eta gurasoak aitzurrarekin zuloak egin eta gero, landareak sartzen Baztango herri-lurretan dagoen eremuan. Landaketa lanak akitzear zirelarik, euri tantek Otsondora bueltatzeko ordua zutela abisatu eta bidean goiti abiatu ziren.
Otsondon Guraso Elkarteko kideak zituzten zain, aterpe batean euritik babestuz, ekintzan parte hartutako guztiei hamaiketako goxoa emateko prest.