Bizi duina, zahar parte duina: Oraingo eta etorkizuneko erronkak



Antolatzaileek igorritako oharrean aipatzen duten moduan, "Bizi duina, zahar parte duina: oraingo eta etorkizuneko erronkak" leloarekin burutu zen, joan den asteazkenean, ekainak 12, Pentsionistak Martxan mugimenduak antolatutako solasaldia, Elizondoko Arizkunenean.

Xaloa tbko Joseba Igarabidek zuzendutako saioan, Begoña Alberro (Malerrekako jendarte zerbitzuko teknikaria), Fernando Etxeberria (Arkupeak elkarteko idazkaria), Luis Igeltz (Sasoiako kidea) eta Josean Urkiola (LAB 3. Adinako koordinatzailea) parte hartu zuten.

Saioa hagitz emankorra suertatu zen, mahiko guztiak ere ekarpen interesgarriak  eginez.

Alde batetik aipatu zen ofizialki ematen diren datuak ez dutela errealitatea isladatzen; Pentsio batez bertzekoak ematen direnean, pentsioen alorrean diru sarrerak eta gastuen desoreka dela eta, e.a.

Laguntzak badirela, baina tramiteak egiterakoan jartzen diren baldintzak erabat zailtzen dutela laguntza horiek lortzea ere azpimarratu zen. Bertzalde pobrezia harlaxan daudenak gero eta larriago daudela, gastuak etengabe gora egiten dutelako. Baztan-Bidasoako jendea nahiko isila dela, lotsatzen dela laguntzak eskatzera joatea, ez dela konturatzen beren eskubidea dela ere azaldu zen.

Historia, aldarrikapenak, egin diren lanketak, eman diren lorpenak ,… hau denei buruz ere jardun zuten solaskideak.

Ondorio nagusiak azpimarratu zituzten; 1080 €ko guttieneko pentsioa, Nafarroan, adibidez, pentsioen %58,26a 1.100€ azpikoak dire eta egoera horretan dauden emakumezkoak %77,26a da eta gizonezkoak berriz %39,29a, eta bertzalde pentsio sistema publikoa eta propioa (Nafarroa mailakoa).
Aldarrikapen hauen aitzinean mobilizatu beharraz denek bat egin zuten. Afera hau ez dela soilik jubilatuen afera, baizik eta herritar guztien afera dela, buru jabetza afera dela, eta gelditu gabe segitu behar dela agintariei exijitzen aldarrikapenak lortu arte.

Eta azkenik informatu zen heldu den irailetik aitzin mobilizazioak bertze diseinu bat hartuko dutela, azpimarratuz heldu den urriaren batean Euskal Herrian zehar mobilizazioak eginen direla.

Eskualde mailan mugimendu honek hilero burutzen ditu elkarretaratzeak, Doneztebeko Santaluzia plazan, hirugarren astelehenetan, eguerdiko 12tan. Hurrengoa heldu den astelehenean izango da, ekainak 17an.