Nekazaritzaz ikastaroa, Elizondon, irailaren 27an

Resultado de imagen de baztan nekazaritza

Jarraian Hona, Baztango Udaletik gai honen inguruan bidali den prentsa oharrean aipatzen dena: 

UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioa, Baztango Udala eta baserritarren Etxalde mugimenduak bultzaturik, Nekazaritza Politika Bateratuari buruzko ikastaroa burutuko da Elizondon, irailaren 27an.

Landa eremua eta nekazaritza sektorea esparru estrategikoak dira Euskal Herriko gizarte eta ekonomiarentzako. Bertara zuzendutako gaur egungo politikak nagusiki Europa mailatik datoz, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) eskutik.

Politika honek ibilbide luzea du Europa mailan eta aldizkako aldaketa esanguratsuak jaso izan ditu bere ibilbidean zehar. Horrelako aldaketa baten aurrean gara egun definitzen ari baita 2021-27 aldirako politika honen norabidea. Aitzitik gure gizartean ez da izan eztabaida nahikorik eta politika arrotza da gizartearen gehiengoarentzat. Baina NPB eragin zuzena du gure elikadura eta nekazaritza politiketan; eragin zuzena du zer jaten dugun egunerakoan eta landa eremuaren biziraupenerako; eragin zuuzena du klima larrialdiaren garai hauetan. Izan ere, nekazaritza politika elikadura sistema osoaren baitan kokatzen da eta lotura zuzena gure ingurunearen egoerarekin.

Horregatik, eta Larriali Klimatikoaren astearen testuinguan, politika honen baitan nekazal sektoreari eta baserritarrei, landa eremuei eta orohar gure herriei eta herritarroi NPBak nola eragiten digunaren eztabaida sustatu nahi da, diru laguntzak nola banatzen diren ezagutzetik eta alternatibak nondik nora jo dezaketen mahaigaineratuz, NPBan tokiko eragileek jokatu dezaketen papera ardatz bezala hartuz.

Ikastaroaren helburu nagusiak hiru hauek dira:

Ezagutzan oinarritutako eztabaida soziala irekitzea Nekazaritza Politika Bateratuaren diru laguntzen banaketaren irizpide eta emaitzen inguruan.

Landa garapenerako politiken aukerak aztertu landa eremu biziak bultzatzeko.

Partehartzean eta eztabaidan oinarrituz, aurrera begirako landa garapenerako tokiko politika publikoen aukerak eta oztopoak aztertu eta zehaztu.

Horiek jorratzeko izango ditugu Elizondon gaian adituak diren UPV/EHUko ikertzaileak eta IPES-Food europako elkarte ospetsuko Francesco Ajena. Eta gaiak eztabaidatzeko mahai-inguruetan lehen sektoreko sindikatuak eta protagonistak izango ditugu, alternatibak nondik nora eraiki behar ditugun aztertzeko. Horrez gain, egungo NPBari tokian tokiko politika publikoen bitartez alternatibak eraikitzen ari diren elikadura estrategien adibideak izango ditugu, Orduña, Durango eta Baztango elikadura estrategien eskutik.

Beraz, dei egiten zaie baserritarrei, herritarrei eta nekazaritza eta elikadura gaietan inplikatua dagoen orori Elizondora etortzera hurrengo irailak 27an, jardunaldian partehartzera eta beharrezkoa dugun aliantza soziala ehuntzera; aliantza soziala nahitaezkoa dugulako hurrengo urteetan sektorean eta gizartean ditugun erronkak josi ahal izateko.