Erosketetan hondakinak murrizteko tuperrak


arrandegian tuperrarekin bilaketarekin bat datozen irudiak
Baztango Udalak eta Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateek azaroaren 16tik 24ra doan Europako Hondakinen prebentziorako Astea baliatuz hondakinak murrizteko kanpaina martxan jarri dute berriz ere.

Baztango Udalak eta Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateek, urteroko ohiturarekin jarraituz, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan prebentzio kanpaina bat jarri dute martxan. Aurten, duela 3 urte egin zuten kanpaina arrakastatsua errepikatuz, arrandegi eta harategietan sortzen diren plastiko eta paper hondakinak saihesteko tuperrak banatuko dituzte herritarren artean.

Kanpainaren helburu nagusia hondakinak sortzearen arazoei buruzko gogoeta eragitea, eta erosketak egiterakoan hau kontutan hartzea da. Gure erosteko ohiturek eta erosketak egiteko moduek eragin handia dute hondakinen sorreran eta erosketarako poltsa berrerabilgarriak eta tuperrak erabiltzeko ohitura hartuz gero sortutako hondakin kopurua aunitz murrizten ahal dugu.

Baztanen, etxean gai organikoa bereiztea eta inkesta bat betetzea beharrezkoa izanen da Udaletxean tuperra bildu ahal izateko. Edozein kasutan tuper bat banatuko da familia unitate bakoitzeko. Azaroan zehar kanpainara atxikituriko establezimenduetan erosketak tuperrarekin egin eta horrela hondakinik sortzen ez dugun aldiro erosketa bonoen zozketan sartzeko aukera izanen da eskualde osoan.