Euskararen Nazioarteko Eguneko ekintza sinbolikoa

euskaraldia baztan bilaketarekin bat datozen irudiak


Urtebete pasatu da Euskaraldiaren lehenbiziko edizio arrakastatsua burutu zenetik. Arrakasta horren adierazle izan ziren Baztanen berean Belarriprest eta Ahobizi paperetan aritutako 1000tik goitiko parte hartzaileak.

Dagoeneko bigarren edizioa prestatzen hasia da, 2020ko udazkenean izanen dena, eta motorrak berotzen hasteko abenduaren 3an ospatzen dugun Euskararen Nazioarteko Egunaren harirat ekintza sinbolikoa antolatuko du Euskaraldiaren Batzordeak, Elizondoko plazan, 12:00etan. Eguraldi txarra egiten badu, Merkatuko Plazan eginen da ekintza.

Egun horretan, joan den urteko Euskaraldian edota euskararekin izandako bizipenak eta heldu den urtekorako ditugun desirak idatziko dira kolorezko paperetan. Sokarekin sare bat sortuko da eta idatzitakoak pintzekin zintzilikatuko dira bertan, plaza bizipenez eta desirez betez.

Ekimen sinbolikoa izanen da, baina aldi berean ikusgarritasuna eta kolorea emanen diona herriari, antolatzaileen esanetan; musika, jatekoa (Baztan zopak, sagardoa eta sagar zukua) eta giro ona ez da faltako, eta akitzeko argazkia aterako da denak elkarrekin.

Ekintza sinboliko hau Baztango herrietan ere eginen da. Herrietako eskolak karrikarat aterako dira abenduaren 2a, arratsaldez, eskola orduetan. Beraiek ere argazkiak aterako dituzte.
Lanbide eskolan, abenduaren 4an, goizez, ekitaldi sinbolikoa ere eginen dute, hamaiketakoa eta argazkia.

Baztan Ikastolako kideak abenduaren 4an,  11:00etan ikastolatik atera eta Elizondoko plazara joanen dira, bertan euskal kantak eskainiko dituzte. Mozorroturik eta besta giroan.

Ateratako argazki guztiak bildu eta bideo bat eginen da.

Euskaraldiaren Batzordeak dei egiten du egun horretan eginen diren ekimenetan parte hartzera.