(H)ilbeltza badatorrela!!!



Ilbeltza hurbiltzen ari zaigu, eta horrekin batera (H)ilbeltza, Euskal Nobela Beltzaren Astea. VI. edizioa izanen da 2020koa, ilbeltzaren 20tik 26rat ospatuko duguna.

Egitaraua prest da dagoeneko. Ilbeltzaren 20an, astelehenean: 19:00etan, Idazleekin solasean ekimenak emango dio hasiera egitasmoari, Horace McCoy idazlearen  “Hobe nuen etxean gelditu” liburuari buruz Fernando Rey itzultzailearekin. Iruritako Gure Kaiola elkartean.

22an, asteazkenean:  19:00etan, “Mirande beltza” solasaldia, Amaia Elizalderen eskutik. Anizko Elkartean.

24an, ortziralean: "Quentin Tarantinoren mesanotxeko liburuak” solasaldia, Begoña del Tesoren eskutik. 19.00etan, Elizondoko Arizkunenean.

25ean,  larunbatean: 11.00etan, mahai ingurua: “Mundua Iturendik pasatu zenekoa”. Jon Alonso, Maribi Elizalde eta Eneko Bidegainekin, Elizondoko Arizkunenean.

Egun berean, 14:00etan, bazkaria eginen da Erratzuko elkartean. Txartelak erosteko ilbeltzabaztanen@gmail.com.

Bazkariaren ondotik, 16:00etan liburu aurkezpenak elkartean bertan. Bi izanen dira aurkeztuko diren liburuak: “Itsu kolpeka”, Alfontso Gartziandiarena; eta “Lardaska”, Patricia Highsmithen liburua, Josu Barambonesek itzulia eta II. (H)ilbeltza bekaren irabazlea (itzulpena) izan dena.

Larunbatak gehiagorako ere emanen du, 18:00etatik aurrera Susmagarrien Gaua eginen baita Erratzun barna, ohiko giro ederrean, ziur.

Akitzeko, ilbeltzalren 26an, igandean, 11:00etan, Itzuli Beltza, aurtengoan “Kontrabandisten eleak”  deitu dena. Amaiurren.

Azken ekitaldia, 19:00etan izanen da, Poesiaren Kriminalak errezitaldia. Elizondoko Arizkunenean.
Bestalde, ilbeltzaren 13tik 26ra Begoña Durrutyren “Bereterretxeren kanthoria” erakusketa izanen da Arizkunenean, 17:00etatik 20:00etara.

Nahi duzunetik dastatu!