Bake justu eta iraunkorra nahi dugulako


presoen aldeko bilboko manifestazioa bilaketarekin bat datozen irudiak
Urtarrilaren 11n errepresaliatuen aldeko manifestazioak izanen dira Bilbon eta Baionan, Sare, Bakiegileak eta Bake Bidea plataformek deiturik. Horrela arrazoitu dute deialdia:

“Lehenik eta behin, euskal presoen senideei esan nahi diegu Bilbo eta Baionako manifestazioan batuko diren milaka eta milaka lagunen babesa dutela, oraindik orain indarrean den urrunketa politika krudelaren aurrean.

Bigarrenez, Bilbon kalera irtengo gara, osatu berri den Madrileko Gobernu berria ispilu aurrean jartzeko, estaltzen saiatzen diren errealitate hau argitara ateraz, jendartearen zati handi baten aldarriekin. Bestetik, Baionan kalera irtengo gara gobernu frantsesari gure haserrea, deliberamendua, gure anbizioa modu berean adieraziz, aniztasun handienean, bake justu eta iraunkor bat nahi dugulako, konbentziturik presoen gaiak ez diela kalte egiten biktimei.

Orain da unea. Madrilen eratuko den gobernu berri honen aurrean, hemen lortutako gehiengo sozial, politiko eta sindikalaren adostasunak bertara eramateko. Madrileko politikariek hemen konpondu gabeko arazo bat denaren kontziente egin daitezen eta elkarbizitzarako konponbidea ezinbestekoa dela ulertzeko. Sanchez presidenteak duela urte eta erdi espetxe politika aldatzeko asmoa iragarri zuen, ETAren desegitearen ostean zentzurik ez zuela eta. Hitz ederrak, ekintzak ordea ez horrenbeste.

Eta orain da unea ere Baionan kalera irtetekoa, Parisekin eztabaida berrabiatzeko. Macron presidenteak 2019ko maiatzean Biarritzera etorri zenean adierazi zuen "Euskal Herria eredugarria da niretzat gatazkaren konponbidean eta armetatik ateratzeko bidean. (…). Estatuaren eginbeharra da mugimendua sustengatzea. Ez dugu historia errepikatu behar, lagundu behar da". Ele ederrak sinesten dituenak engaiatzen ditu, eta lehenik eta behin ahozkatu dituztenak ditu engaiatzen! Baionan izanen gara hau adierazteko: "Hitza hitz! Ez dezagun historia errepika!", ez dugu etsiko ele eder horiek errealitate bihurtu arte!

Guk ere ez dugu historia errepika dadin nahi, aurrera egin ahi dugu, gure seme-alaba eta bilobentzat etorkizun hobe bat utzi. Horregatik, Baionan, traktoreak aintzinean dituztela, “Ez dezagun historia errepika araz” jasotzen duen pankarta bat eramango dute etorkizun berri baten jabedun diren generazio berriek, gure herriko gazteek. Eta Bilbon, gazteak izango dira ere manifestazioaren aurrealdean “Orain Presoak” lemapean lona handi bat eramango dutenak”.

Baztango autobusa Baionako hitzordura joanen da eta izena eman daiteke Erratzuko Zubi Punta eta Elizondoko Intza ostatuetan.