Lan, pentsio eta
bizitza duina aldarrikatzeko greba orokorra deitu du Euskal Herriko Eskubide
Sozialen Kartak urtarrilaren 30erako, eta horri lotuta, Baztango hainbat erakunde
eta herritar grebarako deia egiten ari
dira aste hauetan. Baztango Udalak ere atxikimendua ematea erabaki du ohiko
osoko bilkuran.
Grebarako deialdi
ofiziala kartako kide diren sindikatuek egin dute: ELAk, LABek, ESK-k,
Steilasek, Etxaldek, EHNEk eta Hiruk. Pentsiodunen mugimenduaren deiari erantzunez
deitu dute greba. Bi urte daramatzate karrikan, astero mobilizatzen, eta
"jauzi kualitatibo bat emateko beharra" planteatu dute, "borroka
horretara bertze kolektibo batzuk biltzeko deituz".
Greba orokorraren
alde, urtarrilaren 30ean gure haurrak ez direla eskolara joanen azaltzeko
sinadura orria ere banatu dute deitzaileek, honakoa dioena: “Gure etxean ere planto eginen
dugu urtarrilaren 30ean, uste baitugu garaia dela azken hamarkadetan azkartu
den lan eta bizi baldintzen prekarizazioari mugak jartzeko, gaurko eta biharko belaunaldiek
lan, pentsio eta bizitza duinak bermatuko dituzten neurrien alde egiten dugu
guk ere, eta horregatik bat egingo dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak
egindako deialdiarekin.
Bizitza duinak nahi
ditugu guretzat eta ondorengo belaunaldientzat, nahi dugu gure haurrek, garaia
iristen zaienean, lan duin bat izatea eta etorkizun batean pentsio duinak; eskubide
sozialak bermatuak izan ditzatela eta ditzagula, etxebizitza duin baterako eskubidea
eta kalitatezko hezkuntza.
Badugu hamaika
arrazoi urtarrilaren 30ean greba orokorra egiteko, gaurko eta biharko lan baldintza
eta pentsio duinen alde eta bizitza duinaren alde”.