Palacio de Arozteguiak hirugarren aldiz salaketa paratu du Joseba Otondo Baztango alkatearen kontra. Hori dela eta abenduaren 1ean, Iruñeko epaitegian deklaratu beharko du.
Honen harira, EHBilduk jarraian azaltzen dizuegun irakurketa egin du:
"Palacio de Arozteguiak Baztango hautetsi demokratikoen eta herritarren kontra azkeneko urteetan abiatu duen eraso judizialaren hamaikagarren adibidea da, eta guztiz onartezina da.
Eztabaida soziala galdu ondotik eta inongo zilegitasunik gabe, Aroztegiko pelotazoa inposaketa hutsa bertzerik ez da.
Ekonomia eredu jakin bat, forma politiko jakin batekin heldu da. Pelotazoek inposaketaren forma hartzen dute. Eta inposaketa, herritarren erranak balio ez duen momentua da. Elite ekonomiko batek horrela gobernatu nahiko luke. Eta herritarrek eta hautetsiek kontra egiten dutelarik, judizialki zanpatu. Hertsadura demokratiko guztiak gainetik kendu eta Kapitala agintari bakar izan. Erakundeak eta herritarren iritzia soberan dituzte. Horretan ari dira Palacio de Arozteguia eta gisakoak.
Horren aitzinean herritarren gehiengoaren araberako nagusigo instituzional eta politikoak antolatzen segitu behar da, herritarren beharren araberako ekonomia eta lurraldea antolatuz eta jendartea eraldatuz
Gauzak horrela Baztango EHBilduk Aroztegiko bultzatzaileen jazarpen judiziala gogor gaitzetsi nahi du. Beren jokabide guztiz antidemokratikoa salatu bidenabar.
EHBilduko hautetsiek beren kargua zeinahi dela eta salaketa guztien gainetik herriko interesen alde segituko dute lanean".
Abenduaren 1ean, bertzalde, Iruñeko epaitegiaren kanpoko aldean elkarretaratzea eginen da azkeneko salaketa hau gaitzesteko, 11:00etan.