Nora Salbotx: "Elkarrekin ez bada nekez ailegatuko gara haratago"

(Argazkia: Jagoba Manterola/Foku)

Ikasturtea hasi berria dela eta, Arranbelak hezkuntza mundura hurbildu nahi izan du, norekin eta Nora Salbotxekin, hainbat leku eta arduratan egon ostean, egun Amaiurko eskolako zuzendaria dena. Pasa den urteko azaroan argitaratu zuen “Askatu edo moztu euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak” liburua eta bertan hezkuntza alorreko hamaika gai, kezka eta proposamen, azaltzen ditu. 

Hezkuntza alorrean egiten ari dena berraztertzeko premia dago? Zergatik?

Hezkuntza errotik politikoa den kontua delakoz, hasteko eta behin. Premisa horretatik abiatzea ezinbertzekoa da ulertzeko hezkuntzaren potentziala, bai eta harekiko begirada kritikoa nola haren inguruan mugitzen diren interes politiko-ekonomiko erraldoiak ere.

Euskal Herrian darabilzkigun Hezkuntza Sistemak estatu-nazioen sorrerarekin batean ernaldu zirelakoz gainera. Gaur den egunez ezagutzen ditugun gisara, beraz, euskal herritarroi dagokigunez, Espainiak eta Frantziak pentsatutako Hezkuntza Sistemak ditugulako, hauen zerbitzura hein handi batean. Aipatu bi estatuak, Ilustrazioari dagokion gainerako gehienxkoa bezalaxe, patriarkalak eta kapitalistak dira eta horixe bulkatu eta azkartzeko nahikeriatik hedatzen diren tresnen artetik bat da hezkuntza.

Alta, horrek ez du inondik ere erran nahi feminismoak eta askapen zein deskolonizazio mugimenduek uko egin diotenikan hezkuntzari. Haien baitatik eta haien gisara sortutako hezkuntza proiektu komunitario andana izan da mundu luze-zabalean, EHn bezalaxe, Txekian, Guinean, Kurdistango Rojavan, Biarnon, Galizian, Katalunian, Mexiko Zapatistan, AEBetako komunitate beltzetan edota espainiar estatuko anarkismoak bulkatuta bertzeak bertze.

Zure liburuan egungo hezkuntza sistemen sorreratik abiatzen zara. Egin den bidea eta gero, nora heldu gara? Nora jarraitzeko?

Ailegatu...ba aski urrutira akaso, baina inondik ere ez helmugara, hondar geltokira, edo, nahi bada, “azken garaipenera”. Eskoletan haurrak hizkietan zein solasean euskaldundu nahiez gabiltza duela mende t’erdi bai beinepein. Landa eremuko herri eta auzo eskoletan bezalaxe, hiri handietako langile auzoen borrokak dira kontuan hartzekoak, eta, bistan dena, emakume abertzaleen lana gerra aitzinetik eta ondorenean ere.

Nora jarraikiko garen herri honek erabaki beharko du, asmoz eta ekitez. Dena delakoan, elkarrekin ez bada nekez ailegatuko gara autonomien estatuak Hegoaldean eta Parisek Iparraldean agintzen duten tokitik haratago.

Hainbatetan hezkuntza borroka aipatzen duzu. Lehenaldian ulertu behar al da borroka hau? Eta ez bada hala, lehen eta orain borroka berean dihardu hezkuntza munduak?

Euskal Hezkuntzagintza batez ari naiz liburuan, hain zuzen ere prozesu baten gisara uler dadin nahi izan dudalakoz. Akaso hori da nire tesi nagusia liburu honetan zehar. Hezkuntzaren inguruko errelatoari, zaintzari eta mundu aski feminizatu bati dagokion heinean, epika gutxiegi eman izan zaiola salatu izan dut maiz. Euskalduntzean eta kulturaren transmisioan hezkuntzak egin duen lanaren aitortza eskaxa dela. Alta, egin den errelato epiko gutxi horretan ere begirada une zehatz batean kokatu izan da, ikastolen sorrerari loturik normalki, lehenagoko eta geroko gainerako borrokak ahantzita -litekeenez gutxiegi ikertuta dagoen esparrua ere badelakoz - . Borroka hauek ekarri dutena aldiz sekulakoa izan denean kuantitatiboki zein kualitatiboki ere. Atzo herri txikietan, langile auzoetan, ikastoletan eta eskoletan bezalaxe, gaur Larragan, Irisarrin, Baionan, NUPen, Nafarroako Haur Eskoletan, Piriniotan, Otxarkoagan euskal hezkuntzagintza egiten ari da.

Egun, publikotasunari buruz hainbertze eztabaidatzen ari denean, “pribatizazio prozesu sakonean murgildu den hezkuntza” aipatzen duzu zuk...

Gaur eskolak ez daude bakarrik espazio fisiko batean, gaur heziguneak sarean daude; publikoak al dira Google edo Microsoften plataformetan orduak pasatzen dituzten ikasleen ikastetxeak? Espazio birtualei begiratzea bertzerik ez dago jakiteko hor jite estraktibistako pribatizazio sakon bat badela. Bertze aldean, komunitarioak al dira kuotak edota bertze gisako mekanismoak tarteko, guztientzako irisgarri ez diren ikastetxeak.

Bi adibide baizik ez dira. Naski ez gaude hemen inor bertzeari kontuak eskatzeko, hobe genuke geure baitatik abiatu “nork duen publikoagoa” jiteko eztabaida testosteronikoetan denbora eta indarrak galtzen egotea baino, autodefentsa posizioetatik (sareetako eztabaida antzuek indartuta maiz) autokritikakoetara pasa eta elkarrekin pentsatzea nola astintzen ditugun patriarkatuaren, neoliberalismoaren, arrazismoaren eta espainiar zein frantziar kolonitateen mamuak.

”Gure herrian darabilzkigun curriculum arrotz klasista eta patriarkalak” irakurri dizugu. Zertaz ari zara?

Inposatzen dizkigutenaz ari naiz. Halaxekoak baitira.

Dena politizatu beharraz mintzo zara, haurrak subjektu politikoak direla (“gure gorputz politikoak zeharkatuko dituen narrazio bat proposatzen ari gara hemen”)... Curriculumean zer ikasgai falta da? Ikasle geldo eta isilak ez al du balio?

Ikasle geldo eta isilak balio du, bai doike! Baita ttarratta solasturiak ere. Kontua da eztabaida eta solaserako espazioak mugatzeko nahikeria duten curriculumak izan ditugula oraintsu arte, begiratu, bertzerik ez bada, ikasgelaren espazio antolaketari.

Maskulinitate berriak. Nola eragin daiteke eskolatik egungo eredu hegemonikoa zein den kontuan hartuta? Feminismoaren ekarpenak zer leku du hezkuntzan?

Hezkuntzan proposamen hezkidetzaileetatik feministetarako pausua eman beharrean gaude. Ulertu beharra daukagu ez dela nahikoa emakumeen biografia multzo baten erakustearekin edota neska zenbait STEAM ikasketetara edota futbitora animatzearekin. Hori beharrezkoa da, doike. Baina hori behar den gisa berean beharrezkoa da feminismoa erroetan daraman sistema bat eraikitzea non zaintzaren pedagogia derrigorrezkoa izanen, non botere harremanetan, antolaketan, espazioen diseinuan, curriculum ageriko zein gordean, heziketa sexu-afektiboan, gaitasun ekosozialetan, ebaluazio moduetan, eta abar luze batean edukiak, prozesuak eta prozedurak irauliko baitiren.

Hezkuntza alorreko digitalizazioa eta lobby kapitalistaren bultzada eskutik omen datoz (“ ́Ikasle bat, gailu bat ́ paradigma gailenarazi dutenek badakite zertan dabiltzan, akaso guk baino aunitzez hobe”). Errealitate hau agerian al dago edo pantaila baten atzean ezkutatuta?

Lobby kapitalistek, tresna ezberdinak baliatuta - OCDE, PISA, Agintarien Goi Bilerak, filantropiaz mozorroturiko babesletza pribatizatzaileak... - esku sartzen dabiltza aspalditik, hain zuzen ere kapitalistek, Reagan eta Thatcheren garaietan, gure lan indarraren etekinez gain gure buru-bihotzak ere nahi zituztela erabaki zutenetik, gure kontsumo apetak eta joerak zehazki.

Zer korapilo klase da hezkuntza alorreko segregazioarena?

Errotik eta urgenteki herri estrategia desegregatzaile argi baten bitartez lehenbizi askatu beharreko bietarik bat nire ustetan. Bertzea, harekin batera errotik eta urgenteki, euskararen bermearena (gaitasun mailari zein eskaintzari dagokionez) litzateke niretako. 

Korapilo saldoa geldituko da horren ondotik askatu ala mozteko, bistan dena.

Argitu al dezakezu, bizi ditugun garai ilun hauetan, eta etorkizunean, ikasi beharreko gauza inportanteak zein izango diren Amaiurren bezala Euskal Herrian zehar? Eta nork erabakiko du hori?

Sentsazioa dut “garai ilun hauetan” bizi izan direla gizakiak beti, arrazoi batengatik ez bada bertze batengatik izanen zelarik. Beti ere, batzuk ziurgabetasunezkoak deritzoten eta nire ustetan patriarkatu kapitalista estraktibista honen josturen leherketarenak diren garai hauetan, gauza inportanteak dira euskara, kultura, feminismoa, komunitarismoa, demokrazia zuzena, justizia soziala, zaintzaren pedagogia nola politizazioa, ekosozialismoa, elikadura burujabetza, auzolan teknologikoa, elkartasun internazionalista, langile klasearen memoria, alderdi emozional-afektiboaren lanketa, filosofia, erretorika, arteak, zinestesia eta motrizitateari loturikoak eta eguneroko eta etxeko eskulan txikietarako gaitasuna. Bateon bat ahantziko nuen, ziur, baina horrekin bada nahikoa oraingoa erauzi eta curriculum berri bati ekiteko. Kar,kar,kar.