Adinekoen zaintza etxe-inguruan antolatuz

Baztango EHBilduk antolaturik Nicolas Blain Laguntza Exerat elkarteko lehendakariorde ohia eta HBaiko koordinatzailea, adinekoen zaintzaz etxe-inguruan mintzatu zen atzo Elizondoko Arizkunenean.

Nafarroako Gobernuak orain gutti 65 urtetik goitiko jendeei inkesta egin die zahartzaroaz eta %85ak erantzun du laguntza behar izatekotan etxean hartu nahiko zuela.

Nahikeria hori orokorra dela iduri du eta Hazparneko eskualdean 46 urte dira Laguntza Etxerat elkartearen bidez zerbitzu andana eskaintzen dutela adinekoak etxeetan zaindu ahal izateko.

Blainek aipatu zuen denetariko zerbitzuak ematen dizkiela elkarteak erabiltzaileei: ohatzetik jaikitzen, janzten, bainura joaten eta dutxatzen laguntzen du, otorduak prestatzen, etxeak garbitzen, etxeko mantenimendua eta brikolajea egiten...; modu berean, etxetik kanpora ere laguntzen du: medikura, ospitalera, merkatura, ileapaindegira, lagun baten etxera eramanez... Ospitaleko egonaldiak e.a.

Horretarako eta bertze zerbitzu sozial batzuk emateko 120 langile ditu eta 2,5 milioi euro inguruko aitzinkontua. Erabiltzaileen ordainketekin finantzatzen da eta herriko etxeek eta Pirinio Atlantikoak ematen duten diru laguntzekin.

Erabiltzaileek ordainketak egiteko laguntzak izaten dituzte, horretarako, administrazio eskumendunak pertsonaren ebaluazioa egiten du, Laguntza Etxerat zerbitzua emateaz arduratzen da.

Elkarteak ere laguntzaileak laguntzen ditu, aldika bikotekidea izaten baita zaintzaz arduratzen dena. Elkarteko langileei ere formakuntza etengabea eskaintzen zaie eta heriotzari aurre egiteko laguntza ematen die.

Familien eskaera guztiak aztertzen dituzte, eta beharra zeinahi dela, erantzunen bat emateko eginahala egiten dute.

Langileak atxemateko zailtasunak izaten dituzte lan-aldi osoak gutti baitira, soldatak hala-modukoak... Sektoreko hitzarmen kolektiboak arautzen ditu laneko baldintzak baino franko eskasa da eta Laguntza Etxerat saiatzen da hitzarmenak finkatutakotik goiti zerbait gehiago ematen. Aipagarria da langile gehienak eskualdekoak direla.

Laguntza Etxeraten berezitasun bat da irabazi asmorik gabeko elkartea dela eta administrazio kontseiluan herriko etxeetako ordezkariek eta erabiltzaile/herritarrek parte hartzen dutela, erdizka banaturik. Hortaz, ez da erakunde publikoen zuzeneko zerbitzua, nahiz helburu publiko eta sozial argia duen.

Blainek ohartarazi zuen enpresa pribatuak etxeetako adinekoen zaintzan sartzen ari direla, indartsu, eta hori zerbitzuan irizpide merkantilistak sartzea ekartzen ari dela.