Sakabanaketa politikaren amaieran




(Berria egunkariaren bideoa) 

Asier Borrero, Gregorio Eskudero, Garikoitz Etxeberria, Faustino Marcos eta Irantzu Gallastegi euskal presoak Euskal Herriratuko dituztela jakinarazi dute Espainiako Espetxe Erakundeek; Espainiako kartzeletatik Euskal Herrira lekualdatzeko geratzen ziren bost presoak dira —Alcalan jarraituko du Jaione Jauregik—. Etxerat elkarteak eta Sare Herritarra plataformak «itxitzat» jo du «hainbeste urtez luzatu den sakabanaketa politika».

Sarek adierazi duenez, «iritsi da azkenean guztiok hainbeste bilatu dugun berria, eta amaitu da 34urte iraun duen urrunketa politikaren aroa», eta «bigarren fasera» begira jartzeko unea dela azaldu du: «Oraindik indarrean dauden salbuespen politikak indargabetzeko». Etxerat-ek, berriz, «une zoriontsua» dela azaldu du, eta gogoratu du sakabanaketak «izugarrizko sufrimendua» eragin duela: «Etxean eta bizirik nahi ditugu»

Sakabanaketa politikaren amaieraz EH Bilduk ere irakurketa egin du. Hauxe:

"Espetxe Zuzendaritzak gaur iragarri du bost euskal preso politiko Euskal Herriko espetxeetara eramango dituela, eta horrek amaiera eman dio, Espainiako Estatuari dagokionez, 80ko hamarkadaren bigarren erdialdean abian jarritako sakabanaketa politikari. 35 urte baino gehiago igaro dira. Gaur iragarritako neurriarekin, beraz, espetxe politikaren ziklo bat itxiko da.

Ziklo horrek sufrimendua modu krudelean luzatzea dauka «lorpen» bakartzat. Horrek argi eta garbi adierazten digu urruntze eta sakabanatze politikak ez zirela inoiz martxan jarri behar, eta ez zirela hainbeste luzatu behar. Horregatik, gure gaurko poztasuna neurrikoa izan behar da. Ezin dugu hainbeste min eta sufrimendu ahaztu.

Sakabanatze eta urruntze politikak erabaki politiko baten ondorio izan dira. Estatu erabaki baten ondorio dira, gobernu guztiek denboran sostengatu dutena, kontziente izanda modu horretara giza eskubideak larriki urratzen zituztela. Ez zitzaien axola izan ez beren legea urratzea, ez presoen senideei sufrimendu doakoa eta alferrikakoa eranstea.

Sakabanatze eta urruntze politika kolektibo jakin baten aurka ad hoc diseinatutako eta aplikatutako salbuespen politika izan da. Beraz, haren amaierak ez luke inor eskandalizatu behar, espetxe legezkotasuna eta legedi horrek arautu beharko lituzkeen eskubideak zorrotz betetzearen ondorio baino ez baita. Termino demokratikoetan, EH Bilduk uste du, gainera, sakabanaketa politikaren amaierak gizartearen, sindikatuen, politikaren eta herriaren gehiengo zabalarekiko errespetuzko adierazpen bat esan nahi duela (benetan berandu iritsi dena), hamarkada hauetan horren aurka irmo mintzatu baita.

Gaur egun pozgarria da euskal preso politikoak Euskal Herriratzea gure herriko bizikidetza demokratikoaren eraikuntzaren parte ere badela uste dugun guztiontzat. EH Bilduk, lehenik eta behin, presoen senideekin partekatu nahi du poztasun hori, duintasunari eutsi diotelako, nahiz eta milaka kilometro egin behar izan dituzten eta mota guztietako gehiegikeriak eta irainak jasan dituzten. Ezinbestean gogoratu behar dira hurbileko presoei animoa emateko errepideetako joan-etorrietan galdu ditugun senide eta lagun guztiak. Beti egongo zarete gure bihotzetan. Ez zaituztegu inoiz ahaztuko.

Poztasun hori partekatu nahi saminari mina eta sufrimenduari mina baino gehitzen ez zion politika behin betiko amaitzeko eskatuz urte hauetan guztietan zehar bidelagun izan ditugun eragile politiko, sozial eta sindikal guztiekin. Sakabanaketaren amaiera guztion konkista da.

Bide luzea dugu egiteko, zalantzarik gabe. Gaur egun ere salbuespenezko politikak daude presoen aurka, eta horiek ez dira aplikatu behar bizikidetza sendotzeko helburua erdiesteko. Iraganean pairatutako sufrimendu guztiak arintzeko bidea geratzen da, baita oraindik dirauten batzuk arintzeko ere. EH Bilduk itxaropen eta konfiantza mezua helarazi nahi dio Euskal Herriari. Lanean jarraituko dugu, adostasunak ehuntzen jarraituko dugu, zubiak eraikitzen jarraituko dugu eta ez lubakiak.

Gure herriak biktima guztien errekonozimenduko eta erreparazioko etorkizuna merezi du, eta preso, errefuxiatu eta deportatu politikorik gabeko etorkizuna. Gure herriak hori nahi du eta guztion erantzukizuna da errealitate bihurtzea".