"Mutil-dantza baztertzailerik ez dantzatzea lortu dugu"



Plazara dantzara ekimenaren prentsaurrekoa bere osoan pasatzen dizuegu; bertan, Mutil-dantza baztertzailerik gabeko urtea izan dela aurtengoa eta horri buruzko hausnarketa luzatu zute zuten bertaratuek:

"Gaurko prentsaurrekoa aurtengo Baztango herrietako bestetan lehenenbiziko aldiz mugarri garrantzitsu bat gainditu izanaren berri emateko deitu dugu. Baztanen Mutil-dantza parekideak izateko borroka hasi zenetik, lehenbiziko aldiz erraten ahal dugu aurtengo herrietako bestetan Mutil-dantza baztertzailerik ez dantzatzea lortu dugula.

Hamarkada luzeetan eman den borroka feministaren ondorioz lortu den garaipena da hau. Azpimarratu nahi dugu helburu hau lortzeko bidea luzea eta gogorra izan bada ere, Baztan feminista bat eraikitzeko aitzinamendu nabarmena izan dela aurtengoa. Argi utzi nahi dugu baita ere, dena ez dagoela irabazia eta oraino bide luzea dugula egiteko. Bazterketarekin akitu bada ere, baztertzaileak ez dira desagertu. Bazterketa ez da akitu beraiek egindako hausnarketa baten ondorioz, baizik eta antolakuntza eta borrokaren bidez beren harrokeriak eta ideia misoginoek zilegitasuna galdu dutelakoz.

Ibilbide luze honetan gure herrietako plazetan pasatu denak, gure oroimen historikoaren parte izan behar du. Memoria ezinbertzekoa da urteetan mutil-dantzekin gertatu diren eraso, mespretxu eta bidegabekeriak berriz errepikatu ez daitezen, ez Baztanen, ez inon. Ez dugu atzentzen ahal Baztandarren Biltzarra egunean emakumeak dantza-tokitik aterarazi gintuztela eta txistulariak isildu zirela; Lekarozen herriko argiak itzali, iraindu eta mehatxatu gintuztela; Elbeteko plazan dantzara sartu ginelarik gizonek dantzatzeari uzteaz gain, han zeudenek iraindu eta bulkatu gintuztela; Ikastolako plazan ere, dantzara sartzean dantzatzeari utzi ziotela; Elizondoko elizatea bazterketa eremu bihurtu, eta dantzara sartu ginelarik iraindu gintuztela; Gartzainen bertze hainbertze; eta zenbait herritan emakumeek dantzatzea baino, nahiago izan dutela bestetako programatik Mutildantzak kentzea; eta lerro hauetan kabitzen ez diren bertze hainbat eraso gertatu dira herritar aunitzen begirada eta isiltasun konplizearekin.

Gogora ekarri nahi dugu baita ere, bidean gurekin izan ditugula ezinbertzekoak izan diren hainbat aliatu eta konplize. Bidelagun izan ditugu mehatxu eta erasoen aitzinean gure ondoan dantzatzen, txalotzen, eta animatzen aritu diren herritarrak; bazterketaren aitzinean isildu ez diren txistulari eta atabalariak; herriz herri Mutil-dantzak erakusten eta dantzatzen ibili direnak; Mutil-dantza baztertzaileak Baztandik kanpo geldiarazteko hain eraginkorra izan den Euskal Herriko sare feminista; Mutil-dantza baztertzailea geldiarazteko publikoki eskatu duten hautetsi, alkate eta instituzioak; etxeko gizon baztertzaileekin mahai-inguruan etsitu gabe eztabaidatzen aritu direnak; ez dugu atzenduko urtez urte handituz joan den aliatuen sare horri esker ailegatu garela momentu honetara. Gure eskerrik beroenak beraz, konplize eta aliatu guztiei egindako ekarpenarengatik.

Lortu dena mugarri garrantzitsua bada ere, ez da aski bazterketarekin akitzea, egin den mina eta kaltea aitortu eta erreparatzeko bidea abiatu behar dugu. Hasteko, Mutildantza baztandar guztien ondare kulturala den heinean, gure herrietako plazetan eta dantza eskoletan merezi duen tokia eman behar zaio. Lan honek ez du emakumeen eta mugimendu feministaren ardura bakarrik izan behar, denen ardura da. Bazterketaren estrategiaren parte izan da, emakumeak plazan lekua hartzen joan garen heinean, gizonezkoek Mutil-dantzak dantzatzeari uztea edota dantzatzen delarik plazatik lekutzea; bertze estrategia bat da Euskal Herrian barna antolatzen diren plaza-dantzetan Mutil-dantza txertatzen ari den garai honetan, Baztanen “bailableak” izenarekin egiten diren plaza-dantzetan Mutil-dantzak ez jotzea. Bada garaia boikot kanpaina hau salatu eta horrekin akitzeko.

Mutil-dantzen aldeko borroka gure memoria historikoa eta ondare kulturalaren aldeko borroka ere bada. Sendatzeko bidea, beraz, Mutil-dantzaren ospea eta balioaren berreskuratzearekin etorriko da. Hortaz, baztandar guztiak animatzen ditugu Baztanek behar duen sendatze prozesu hau elkarrekin abiatzera".