(H)ilbeltzaren hamargarren beltzunea



Datorraren urtarrilaren 22an abiatuko da (H)ilbeltzaren aurtengo edizioa, hamargarrena. Antolatzaileen adierazi duten moduan, "hamar egin ditugu, bakarra eginen genuela uste genuelarik. Ilusioa dugu eta ilusioz egiten dugu".

Bertan hamar ekitaldi izango ditugu (bertze urteekin konparatuz, bat gehiago, ortzegunekoa) eta "11 momentu goxo. Aurten ere, negu gorrian antolatzen dugun aste beltza, kolore bizikoa heldu zaigu: klasiko urdinak, mahai inguru moreak, jolas marroiak eta itzuli berdeak, gustu guztietarako aukera", ziurtatu dutenez.

Ilbeltzaren 22tik 28ra izango da (H)ilbeltza, Dionuele (euskara hutsezko plazen sarea) ekimen nazionaleko lehena, bidenabar: "Gero etorriko dira Azkoitia, Zarautz, Ziburu, hernani, Sara, Galdakao eta Lazkao. Sare ederra arrantzarako eta gure literaturan galtzeko".

(H)ilbeltzari dagokionez, hauek izanen dira, egunez egun, ekitaldiak:

22, astelehena:

Idazleekin solasean, VI.(H)ilbeltza bekaren irabazlea: Beñat Irastorza Ugalde Altxa, Hildakoak Fred Vargasen eleberriaren itzulpenaren inguruko solasaldia.

Fred Vargasen “Ebanjelariak” hiru historialari gazteak dira protagonistak nobela honetan. Horiek eta polizi erretiratu baten artean ikertuko dute barride baten desagerpena. Gurekin izanen dugu Beñat Irastortza Ugalde Fred Vargas aztertzeko liburu honen bidez. 19:30ean Arizkungo Medikuaren etxean.

24, asteazkena:

Klasikoa atalean: Eusebio Erkiaga, "Arranegitik bertze auzo batzuetara" Miren Agur Meaberen solasaldia.

"Klasikoak ezagutu ditugu urtez urte eta Erkiagarengana bere itzulpen baten bidez ailegatu ginen, Georges Simeonen Aspaldiko Maigret itzuli baizuen Erkiagak. Horrekin aski genuen, eta Miren Agur Meabe gonbidatu genuen berari buruz solastera. Hala deskubritu genuen nobela beltz bat idatzia zuela ere bai, Txurio txoria", antolatzaileek diotenez.

Hizlariak, Eusebio Erkiagaren bizitzari eta testuinguruari buruzko sarrera bat eginen du eta klasiko bizkaitarraren nobelagintzari buruzko azalpen orokorra eskainiko du: argumentuak, gaiak, estiloa, hizkera, ideologia eta abar. Geldiune berezia eginez Txurio txoria lanean. 19:00etan Anizko Mendiarte elkartean.

25, ortzeguna:

Jon Alonsoren Carvalho Euskadin liburuaren inguruan solasaldia. Elkarrizketatzailea: Irati Jimenez.

90. hamarkadaren erdialdean Katebegi galdua argitaratu zuenetik, Jon Alonsok ibilbide luzea, oparoa eta gogoangarria egin du euskal literaturan, eta guri interesatzen zaigun genero beltza izan da gehien jorratu duena, genero horretatik kanpo lan ederrak idatzi baditu ere.

Manuel Vazquez Montalban idazlearen pertsonairik ezagunena hartuz idatzi du bere azken eleberri hau eta aitzakia horrekin gonbidatu du (H)Ilbeltzak Irati Jimenez kazetari eta idazlearekin solastera. 19:00etan Berroetako Gure ametsa elkartean.

26, ortziralea:

Mirande, film baterako zirriborroa dokumentala Josu Martinez zuzendariarekin.

Jon Miranderi buruzko dokumentala egin du Josu Martinezek, eta hori ikusiko dugu, berak aurkeztua. Euskara goi literatura egiteko gai zela demostratu zuen Jon Mirandek. Denek aitortzen diote bere garrantzia. Baina zuzendariak erraten duen bezala, gai tabua da oraino. Hari buruz denetarik erran da: Arrazista zela, pedofiloa, nazia, inmorala...

2020an Amaia Elizaldek kontatatu zigun Jon Mirande nor zen, orain Josu Martinezek hitza eman dio Miranderi. 19:30ean Iruritako Gizarte Bilgunean.

27, larunbata:

11:00etan mahai-ingurua: Sorgin-ehiza Euskal Herrian. Arizkunenea kultur etxean, Elizondon. Amaia Nausia Pimoulier, Asisko Urmeneta eta Juainas Paul Arzak hizlari. Moderatzailea Ane Eslava.

"Europan izan den feminizidio handiena izan zela dio Amaiak, konkistaren logikagatik kanpo ezin dela ulertu Asiskok, eta jazarpenak gatazka politikoekin eta sozialekin blaiturik izan zirela Juainasek, eta baita oker anitz egon direla eta daudela: Inkisizioaren eginkizunei buruzkoak eta "akelarre" hitzaren jatorri eta erranahiari buruz".

Hiru ikuspuntu gaia aztertzeko, emaitza bakarrarekin: Euskal Herrian zientoka herritar zigortu zituzten sorgin izateaz akusaturik.

14:00etan bazkaria  Erratzuko Elkartean. Txartelak eskatzeko ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidean.

17:00etan liburu aurkezpenak.

- Ernesto Prat: Mendeku eskubidea.

- Mikel Begoña: Hiru etxe Santa Monikan

- Xabier Lasa: Ura ez baita beti gardena

18:30ean Eblatz: Susmagarrien gaua Erratzun barna.

Erratzuko karriketan barna, eta ostatuz ostatu, jolas bat proposatuko zaie hurbiltzen direnei. "Momentua ailegatu artio ez dakigu zer izanen den, ezin dugu pistarik ere eman. Izanen du beltzetik, izanen du misterioa, baina gauza guzien gainetik ziur dakigu ongi pasatuko dugula".

28, igandea:

10:30ean, Erraiak etsai itzuli beltza Beartzunen. Hitzordua: Elizondoko plazan. Itzuli beltz bat egiten da urtero, aurten Beartzunen. Bertan erreka, eskola, azienda, barridea, iratzea, goroldioa, muga, kontrabandoa, bakardadea, lohi, hautsa dago. Baina baita kuartela, beldurra, mugazainak, soldaduak, tiroak, mina. Hori dena ezagutuko dugu aurtengo itzuli beltzean.

19:00etan, Izu-gar-irrizko bertso saioa. Gai jartzailea: Amaia Agirre. Bertsolariak: Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Saioa Alkaiza. Arizkunenea kultur etxean, Elizondon.

(H)ilbeltzaren aurtengo edizioaz gain, pare bat kontu gehitu nahi genituzke ekimen hau bere osotasunean irudikatze aldera: 

Beka: Txalaparta argitaletxea eta Baztango udalarekin batean martxan paratu zuten (H)ilbeltza beka duela 8 urte, eta hauxe dugu seigarren lana. Bidean da Joxean Oiz Arruti idazten ari dena, joan den urteko bekarekin, eta berriki egin da deialdi berria: Núria Cadenes idazlearen Guillem liburuaren itzuli beharko da. Martxoaren 8a artio dago epea aurkezteko. h-ilbeltza.eus web gunean daude lagina eta oinarriak.

Web orria: Bertan (H)ilbeltzako solasaldiak, elkarrizketak, hausnarketak... altxatu eta nahi duenarekin partekatzeko aukera ematen da. Liburuen iruzkin, aholku, idazleen iritzi eta hausnarketa, elkarrizketak, emanaldiak eta bertze. Beltza begirada desberdinetatik lantzeko aukera ematen digu.