Orain Legalizazioa Baztanen

Atzo ilunabarrean Elizondoko plazan
Legalizazioaren alde egindako konzentrazioaren irudia

Ezker Abertzaleak Euskal Herrian egoera politiko berri bat behin betiko ireki du. Euskal Herriarentzat agertoki demokratikoa antolatzeko eta proiektu independentista eta sozialistaren bidea indartzeko helburuarekin, alderdi berri baten legeztapenerako urrats erabakigarriak eman ditu.
Euskal Herria eraikitzea du helburu Ezker Abertzaleak. Independentzia eta sozialismoa dira gure egitasmo politikoaren ardatzak. Euskal Estatuaren bidean hurrengo urteetan urrats determinanteak emateko bada nahikoa indar eta esperientzia herri honetan. Alderdi politiko berri baten legeztapena testuinguru politiko horretan ulertzen du Ezker Abertzaleak. Horretarako eta euskal herritar guztien eskubide guztiak errespetatuak izango diren egoera demokratikoa eraikitzeko tresna ezinbestekoa da alderdi politiko berria. Ezin liteke eraiki egoera demokratikorik, sektore sozial bat legez kanpo mantenduz.
Ezker abertzaleak bere proiektu politikoaren aldeko ildoa bide politiko eta demokratikoetatik garatzeko determinazio osoa du. Kezkaz dakusagu alderdi politiko batzuen jarrera, zauriak zabalik mantentzearen aldeko apustuan daudela argi ziurtatu baitaiteke. Erosoago daude alde anitzetako eskubideen urraketa ematen den testuinguru politiko batean. Erosoago zeuden Ezker Abertzaleak gaindituak dituen eta jada iraganekoak diren konfrontazio egoera batzuetan. Bukatu da ziklo armatua eta orain beldurra diote Ezker Abertzaleari zein honen proiektu politikoari. Beldurra diote jada honek abian jarri duen prozesuari, konfrontazio demokratikoa ezaugarri nagusi duen prozesuari. Beldur diote hitzari. Beldur diote argudio politiko demokratikoei.
Honen adibide nagusia espainiar gobernuaren eskutik, Madrilen Barne Ministeritzako erregistrora aurkezturiko alderdi politiko berriaren inskripzioa geldiarazteko agindua; horretarako epaitegietara desbideratuz alderdiaren legezkotasunaren gaineko erabakia. Erabateko ausardia falta adierazten du harturiko erabakiak. Euskal jendartearen gehiengoari bizkar emanez, legez kanporatzea helburu jarri du espainiar gobernuak. Minimo demokratikoak errespetatuko diren egoera politikoari dioten beldurra agertuz