2012/06/01

BELATEKO TUNELEN EGILEAK ZIGORTUTA


Auzitegi Gorenak tunelen egitasmoan egindako hutsengatik Belateko tunelen egileak Nafarroako administrazioari 9 milioi euro ordaintzerat zigortu ditu.
Hona prentsako berria: noticias de navarra

ERNESTO PRATEN ONGI-ETORRIAGATIK ETA PRESOEN ALDEKO ELKARRETARATZEENGATIK 10 SALAKETA BAZTANEN


Euskal Herrian Ezker Abertzalearen ekimenez aldi politiko berria ireki bada ere, Estatuak eta haren errepresio egiturek betikoan darraite. Horren azken adibidea Baztanen apirilaren 13an eta 14an egin ziren herri mobilizazioetan Guardia Zibilak paratutako salaketak ditugu. Horrela, Ernesto Prati apirilaren 14an, larunbatean, Elizondoko plazan eskaini zitzaion ongi-etorriagatik 4 baztandar salatu dituzte eta, ortziral horretan presoen alde egin zen elkarretaratzearengatik bertze sei. Denera 10 herritar. Salaketaren ondorioz, bakoitzak 300 eta 6000 euro artekoa izan daikeen isuna izanen du. Alta, oraingo salaketei azkeneko urteetan Estatuak abiaturiko apostu errepresiboaren ondorioz Baztanen pilatu diren isunak gehitu behar zaizkio, 20.000 euro inguru.
Errepresioak bere horretan jarraitzen duela salatu nahi dugu: atxiloketak, epaiketa politikoak eta sententzia bidegabeak begibistakoak dira eta denak horren jakitun gara; baina horren ondoan errepresio ixilagoak ere jarraitzen du: salaketa eta isunena hain zuzen. Salaketa eta isunekin jendea izutu eta desaktibatu nahi dute, egoera ekonomiko jasan ezinetara eraman eta etsiarazi, desmobilizatu. Horrela, ixilpeko errepresio horren salaketa publikoa egitea behar-beharrezkoa da. Modu berean, errepresioa jokatzeko herritarren elkartasun aktiboa bulkatu behar da, kasu honetan elkartasun ekonomikoa. Hala, elkartasun ekonomikoari buruz instantean ekimena abiaraziko dugu eta herritarrek bertan parte hartzeko aukera izanen dute.
Akitzeko nabaria da arazo politiko, sozial eta ekonomikoak direla eta jendea gero eta gehiago mugitzen ari dela. Horren aitzinean Gobernuaren aldetik Euskal Herrian garatu duen salbuespen legeria arlo eta eremu desberdinetarat hedatzeko borondatea agerian gelditu da. Herritarren arteko elkartasunak, konpromisoak eta antolakuntzak bertzerik ez du ekinbide errepresibo berritua geldituko. 
Elkartasuna antolatu!

2012/05/31

PROTESTAK OSASUN KONTSEILARIAREN AITZINEAN


 

Bigarren aldiz Donezteberat hurbildu da gaur Marta Vera osasun kontseilaria eskualdeko zenbait hautetsiei murrizketen berri emateko. Protestak izan ditu ongi etorri gisa berriz ere, gobernuak berrantolaketa deitzen duen horrekin ados ez daudela adierazteko. Zenbait hautetsi kanpoan gelditu dira baina deitutakoaz aparte UPNko zinegotzia eta parlamentaria den Begoña Sanzberro sartu da bilkuran, bigarren aldiz ere.
Agerraldi honetan ere poliziaren presentzia izan da udaleko atean eta Doneztebeko alkatearen aginduz ez dute inor sartzen utzi. Konzentrazioan ez zegoen herritar batek ere arazoak izan ditu bere udaletxerat sartzeko, paper batzuk eskutan.

FUNTZIO PUBLIKOAREN GREBAK JARRAIPEN HANDIA



Nafarroako UPN-PSNren gobernua egiten ari den murrizketen kontra Nafarroako sindikatu gehienek deituta funtzio publikoan greba egiten ari dira. Bildu ditugun datuen arabera hau da Baztanen izaten ari den jarraipena:

  • Baztango herrietako eskola ttipi guztiak greban daude. Klaustroan 65 irakasle daude eta horietak 4 ez bertzerik gainerakoek lan uztearekin bat egin dute.
  • Franzisko Xabier ikastetxe publikoan irakasleen %90 greban dago, 36tik 32; guttieneko zerbitzuk bertzerik ez dira eskaintzen ari. Eskolarat 6 haur soilik agertu dira.
  • Lekarozko ikastetxean 67 irakasletik 42 irakasle greban eta gainerako langileen artean 7tik 3.
  • Lanbide eskolan greba erabatekoa izan da guttieneko zerbitzuetan egon behar dutenak bertzerik ez daude. Ikasleek ere greba egin dute eta ez da inor eskolarat joan.
  • Baztan ikastolan ere greban dira, baita haur eskolan ere.
  • Elizondoko osasun etxeko langileak greban dira, guttieneko zerbitzuak bertzerik ez dituzte ematen, baina hauek %60koak dira.
  • Oronoz Mugaireko su hiltzaileak zerbitzu minimoetan daude eta, su hiltzaileen egoitzaren kanpoko aldean murrizketen aurkako pankarta handia jarri dute.
  • Baztango udaletxeko bulegoak hetsirik daude eta Elizondoko nekazal ganbaran erdiak greban
Hirugarren aldiz manifestazio jendetsua Iruñeko karriketan

EGOERARI BUELTA EMATEKO 6 NEURRIAK

Ezker Abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak osatutako Proposamen Sozioekonomikoa osatu dute eta bertan sakontzen duten 6 neurri zehatzak argi azaltzen ditu bideo honek:
Egoerari buelta emateko 6 neurriak

2012/05/30

MOBILIZAZIOAK: BAZTAN-BIDASOAKO ESKOLAK


Aste hontako mobilizazioak aitzin segitzen dute eta bihar 31a, greba eguna da sektore publikoan. Baztan-Bidasoako eskolek beren mobilizazioak antolatu dituzte, gaur Elizondoko plazan egin den konzentrazioa jendetsua lekuko. Ondotik Elizondoko Lanbide Eskolarat abiatu dira asanblada iraunkorra egiterat eta gaua pasatzerat. 


Bertze deialdiak:
  • Bihar  greba eguna izaki, auto-karabanak antolatu dituzte eskualdean eta 9etan aterako da Elizondoko Lanbide Eskolatik. 10ak inguruan Almandozetik pasatu ondotik eskualdeko auto-karabanekin elkartu eta Iruñerat abiatuko da.
  • 11.30etan, zonaldeko ikastetxeak Foruen monumentuan elkartuko dira, Iruñeako mobilizazioetan parte hartzeko
  • Ekainak 2, larunbata: Manifestazioa. Arratsaldeko 6etan,  “Murrizketarik Ez” lemapean, Antoniutti parkean. 

HIRUGARREN BOTA EGUNA OSPATUKO DA LARUNBATEAN ELIZONDON



Hirugarren aldiz ospatuko da Nafarroako helduen bertso eskolen eguna; lehena Iruñean egin zen orain dela bi urte eta bigarrena, Lekunberrin. Elizondon eginen da aurtengo edizioa eta Baztango Bertso Eskola arduratu zen antolaketaz.
EGITARAUA:
Ekainaren 1ean 20:00etan Arizkunenea kultur etxean, Karlos Aizpuruak Bertsogintzan aritzeko zenbait gako: etxean lantzekoak” hitzaldia eskainiko du.  
Ekainaren 2an 12:00etanKomunetik komunerat” bertso jarduera abiatuko da herriko plazatik. Ondotik bertso bazkaria eginen dute Kortarixar jatetxean. Bertan bertso eskoletako kideek egun horretarako prestatu dituzten emanaldiekin gozatu ahal izanen da. Merendu batekin akituko da eguna.
Egun horretan bertze bertso eskola batek hartuko du Baztangoen lekukoa eta hura arduratuko da ondoko urtean laugarren Bota Eguna antolatzeaz.
Akitzen ari den ikasturte honetan 112 ikasle aritu dira Nafarroako bertso eskolen helduen taldeetan. Gaur egun helduendako hamalau talde dira Lesaka, Bera, Larraun, Baztan, Leitza, Iruñea, Malerreka eta Lizarran. 

2012/05/29

BAZTANDARRAK TOLOSAN KONKISTA GOGORATZEN










Nafarroa konkistatu zutela bosgarren mendeurrena izaki aurten, Baztandik autobus bat hurbildu zen Tolosarat larunbatean gertakari haiek gogoratzeko. Plaza bati Amaiur izena paratu zioten eta ekitaldi hortara konbidatu zituzten amaiurtar eta baztandarrak. Hantxe izan ziren Tolosako, Baztango eta Amaiurko alkateak eta Gipuzkoako ahaldun nagusia. Musika eta dantza emanaldiek eta herri bazkariak osatu zuten egitaraua.
Bideoa hontan ikusten ahal dira zenbait argazki

HEZKUNTZAKO GREBAK JARRAIPEN HANDIA BAZTANEN


eskolak plazan
Lekarozkoen konzentrazioa





Hezkuntza publikoan Nafarroako UPN-PSNren gobernuak egin nahi dituen murrizketak salatzeko greba deialdiak erantzun zabala izan du Baztanen. Baztango herrietako eskola ttipietan: Oronoz-Mugairek, Arraiozek, Gartzainek, Azpilkuetak, Amaiurrek eta Arizkunek lan uztearekin bat egin dute. Iruritan bertzalde, 11 irakasletik 9 greban ari dira eta, Zigan, erdiak. Almandozen 3tik 2 greban dira eta Erratzun gaurko eskolak herriko plazan eman dituzte.

Erratzuko eskolak plazan
Erratzuko eskolak plazan
Erratzuko ikasleak Iribasi idatzitako eskutitzarekin
Elizondoko Lanbide eskolan, bertzalde, 25 langiletatik 22 greban dira eta, Lekarozko ikastetxean 60 irakasletik 2, nahiz protesta seinale gisa goizeko 11etatik 13etarat Elizondoko plazan eman dituzten eskolak.
Modu berean Elizondoko Franzisko Xabier ikastetxe publikoan irakasleen %70ak lan uztearekin bat egin du eta, haur eskolan, berriz, jarraipena erabatekoa izan da.
Bertzalde Baztan Ikastolak gaur murrizketen inguruan solastatzeko bilera informatiboa eginen du eta, bihartik aitzinerat, egunero goizeko 9:15etan hamar minutuko elkarretaratzea eginen dute beheitiko ikastolaren aitzinaldean. Modu berean, maiatzaren 31an Nafarroako funtzio publikoan deitu duten greba deialdiarekin bat eginen dute.

Aipatzekoa da, halaber, Baztanen barna goizean egin den auto-karabanan 15 autok parte hartu dutela; ondotik, Oronoz-Mugairen eskualdeko gainerakoekin elkartu eta Iruñeako manifestazioarat abiatu dira. Manifestazio jendetsua eta zaratatsua izan da. Aipatzekoa da ere poliziaren presentzia haundia izan dela, murrizketak zertan eginen ez diren argi utziz.
goizeko auto-karabana
Iruñeko manifestazioa










ITXIALDIA LANBIDE ESKOLAN



Atzoko elkarretaratzearen ondotik Lanbide Eskolarat joan ziren 27 lagun, herrietako eskoletako irakasleak, Lanbide eskolakoak eta Lekarozko institutukoak gaua han pasatzearekin batean zenbait ekintza egiteko. Kartelak egin zituzten eta ondotik asanblada egin zen ondoko egunetako mobilizazioen inguruan. 
Mobilizazioez gain, Nafarroako Gobernuak egin asmo dituen murrizketek norberaren eskolan nola eraginen zuten aipatu zen: Herrietako eskoletan adibidez, ratioarena aipatu gabe (Eskola batzuetan bi gela bakarrik daude eta ratioak ez dira aplikatzen ahal), 3 irakasle gutiago izanen dira heldu den urtean, Lanbide Eskolan 4 gutiago, Lekarozko institutuan ez dago zehazki jakiterik, baina 6-9 irakasle gutiago izanen direla aurreikusten da.
Solasaldiaren ondoren, Fermintxo Sanchezek hitzaldia eman zuen eta gero pelikula bat ikusi zen.
Bertzetik Baztan Ikastolan gaur bilera informatiboa eginen dute eta bihartik aitzinerat, murrizketen aurka hamar minutuko elkarretaratzea eginen dute Ikastolaren aitzineko aldean. Maiatzaren 31eko greba deialdiarekin bat eginen dute.

2012/05/28

ELKARRETARATZEA ELIZONDON



Maiatzaren 28an, arratsaldeko 7etan Baztango Hezkuntza Batzordea bildu da murrizketaZ eta egin beharreko mobilizazioen gain solastatzeko. Ondotik, arratsaldeko 8etan, Elizondoko plazan 200 lagun inguru bildu dira murrizketen kontra: guraso, haur, irakasle…

Ondoko egunetako deialdiak hauek dira:
MAIATZAREN 28tik 29rako gauean
  • Itxialdia Elizondoko Laboralean

MAIATZAREN 29an: greba eguna
  • 9:00etan Laboralean autokarabana
  • 10:00etan Bortzirietako eskolekin Oronozen.
  • 11:15ean Korralillosetan entzierro sinbolikoa
  • 12:00etan manifestazioa Sarasaten.
  • Erratzun eskolak kanpoan emanen dituzte.
  • Lekarozko institutukoek 11:15etatik 13:00etara Elizondoko plazan eskolak emanen dituzte

MAIATZAREN 30ean
  • Lanbide eskolakoek 11:20-15:00etara eskolak plazan emanen dituzte
  • 19:00etan elkarretaratzea Elzondoko plazan
  • Ilunabarrean itxialdia laboralean.

MAIATZAREN 31n: Greba administrazio publikoan
EKAINAREN 2an: Manifestazioa Iruñean.,



ZABORREN KUDEAKETA


Hondakinen tratamenduari buruzko eztabaidan porlan-enpresa eta finantza talde handien morroi direnek errauskailua goraipatu bidenabar atez ateko zabor bilketa, adibidez, arras zikina dela diote. Ba, lehengo asteazkenean Elizondon hartu genuen irudi honetan, zabor-bilketa konbentzionala ere zikina dela ikusi genuen; hau da, bilketa eredua baino, herritar txukunak edo zabarrak izatea da kontua.

2012/05/27

MENDI MARTXA ZILBETIN


Monte Alduide Koordinadoratik ekainaren 2rako mendi martxa antolatu du Antzeri parajea sakonki ezagutzeko. Paraje hau toki berezia da, eta hortaz, ZEC izendatuta dago eta Natura 2000 europar sarean sartua. Han pagadi berezi bat dago eta bertan bizi diren espezie batzuk desagertzeko arriskuan daude, orain inoiz baino gehiago, MAGNA enpresak harrobi proiektu bat baitu martxan. 
Proiektuak aitzin segitzen badu 80.000 pago gazte bota, animalia espeziak desagertu eta akuiferoak kutsatuko dira
Horretaz gain, zonaldeko estruktura sozial eta ekonomikoa enpresario aberats gutti batzuen eskutan geldituko da.

2012/05/26

PRESOEN ALDEKO ALDARRIKAPENA ALMERIAN




Asteburu bat, denborapasa ederra izan daiteke,urrunean ditugun presoei  elkartasuna adierazteko eta bizi duten eskubide urraketa salatzeko . Halaxe bada, ez dugu eguzkia hartzera bakarrik Almeriara joan nahi izan. Ditugun tarteak aprobetxatu behar ditugu, aisialdiaz gozatu eta aldi berean borrokan aritzeko. Lagunak, herrikideak, espetxetan borrokan jarraitzen dutenekin bat egiteko. Gure aldetik dena merezi dute eta. Denak animatu nahi zaituztegu halako ekimenak egitera.
Gaur goizean ekintza bat egin da Almeriako espetxearen parean. Bereziki Iñaki Erroren egoera salatu nahi izan da kondena betea izan arren espetxean jarraitzen baitu Parot doktrina aplikatu diotelako eta gainera urtarrilean bihotzeko bat eman ondotik, espetxean jarraitzen duelako, gaixo larria izan arren. Bi pankarta erraldoi jarri ziren garabian “Doktrina Parot Stop”, “Erro eta bertzeak askatu”, eta “Euskal Preso eta Iheslariak Etxera” lemak zituztelarik. Dozena bat suziri bota ziren atentzioa deitzeko, eta ondotik mezu bat luzatu zitzaien bertan dauden preso guziei, kartzelatik entzuteko modukoa
Jendea horrelako ekintzak burutzera eta egunerokoan herrian dauden ekimenetan parte hartzera animatu nahi izan da denon borrokaz eta indarraz lortuko baita euskal preso eta iheslariak etxera ekartzea
Maite zaituztegulako, zuekin gaudelako.
Euskal preso eta iheslariak etxera!

2012/05/25

MOBILIZAZIOAK BAZTAN-BIDASOAKO ESKOLETAN


Eskualdeko eskola guziek bat eginik, mobilizazio desberdinetarat deitu dute ondoko asterako. Hauek dira adostu dituztenak:
  • Maiatzaren 28an:  Hezkuntza Batzordearen ez ohiko deialdia murrizketen inguruan aritzeko 7etan
  • Ondotik elkarretaratzea Elizondon arratsaldeko 8etan.
  • Elkarretaratzeen ondotik, asanblada iraunkorrak eginen dira Elizondoko Lanbide Eskolan: asanbladak, hitzaldiak, proiekzioak, propaganda tailerrak…
  • Maiatzaren 30ean elkarretaratzea Elizondon arratsaldeko 7etan. 
  • Ondotik asanblada iraunkorra Lanbide eskolan
  • Maiatzak 29, asteartea: Greba eguna. Goizeko 9etan auto karabana Elizondoko Lanbide Eskolatik abiatua, herrietatik pasatu ondotik Iruñeko manifestaziorat joateko
  • Maiatzak 31, ortzeguna: Greba eguna. Mobilizazioak zehazteke daudenez, momentuz planteamendu berdina mantenduko da.

BI GREBA DEIALDI HELDU DEN ASTERAKO


Ondoko asterako bi greba deialdi egin dute sindikatuek murrizketak salatzeko. Eskolek eginen dute asteartean eta ortzegunean berriz zerbitzu publiko guziek. Mobilizazio anitz izanen dira aste osoan barna eta erne egoteko eskatzen dute irakasle, ikasle eta gurasoek.


Bertzetik Lanbide eskolako irakasleek murrizketek eraginen dituzten ondorioak argitu dituzte ohar baten bidez: Murrizketak direla eta.

MARIEZCURRENA ENPRESAN PROTESTAKA


Dozena erdi lagun bildu ziren atzo Donezteben Marizcurrena S.L.k AHTren lanetan duten parte hartzea salatzeko. Doneztebeko karrika nagusian duen bulegora eskutitza eraman zuten, AHTren lanak utz ditzaten eskatzeko. 

Berriaren zehaztasunak mugitu blogean  

2012/05/24

ESKUALDEKO HAUTETSIAK OSASUN PUBLIKOAREN DEFENTSAN




Nafarroako Gobernuak osasungintzan murrizketak egin eta berrantolaketa sakona eginen du. Hortaz, osasun publikoak bizitzen duen gainbeheraren aitzinean eskualdeko hautetsiek Marta Vera osasun kontseilariaren aitzinean protesta egin zuten atzo Donezteben. Murrizketen ondorioz ordezkapen batzuk ez dira egiten eta Oronozko osasun arreta zerbitzu jarraitua kenduko dute.
Ondotik, eskualdeko hautetsiekin Doneztebeko udalean egitekoa zen bilkurarat, kontseilariaren aginduz kargu publiko batzuren sarrera galerazi zuten; haatik, Baztango zinegotzi batzuei sarbidea galeraziagatik, Begoña Sanzberrok Baztango UPNeko zinegotziak bertan egoteko aukera izan zuen.
Prentsan agertutakoa: Diario vasco, eta Diario de Noticias

EMAKUMEKA FOLKLOREAN MAHAI INGURUAREN KRONIKA



Atzoko ilunabarrean Emakumeak Folklorean mahai inguru jendetsu eta interesgarria egin zen Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Baztango Udaleko Berdintasun Batzordeak antolaturik Araitz Rodriguez antropologoa eta FARAPI gizarte antropologia aplikatuko kidea, Oier Araolaza dantza ikerlaria eta antropoloa eta Miren Aranguren Bilgune Feministakoa aritu ziren. Hitzordua atsaldeko 7:30etan hasi eta ia 10ak artio luzatu zen. 45 lagun inguru bertaratu ziren. 

2012/05/23

GURE ESKUALDEAN ERE EMAKUMEON KONTRAKO JAZARPENAK


Baztango Bilgune Feministak jakinarazi duenez Elizondon otsaila-apirilako hilabeteetan zenbait emakumeak jarraituak izan dira. Salaketa hori eginez eta hausnarketara konbidatuz prentsa ohar bat atera dute . Halaxe dio hitzez-hitz: 
Gaurkoan, emakumeon kontrako erasoez solastu nahi dugu, azken aldian Elizondoko herrian emandako hainbat egoera salatzeko eta hausnarketari bide emateko.

PROZESU PARTEHARTZAILEAREN ONDORIOAK ETA PROPOSAMENAK


Txema Jurado soziologoak aurkeztu zuen atzo Udal Planaren prozesu partehartzailea Arizkunenean. 
Aurkezpenean azaldu zuen bezala, kuartelka kezka nagusiak desberdinak agertu badira ere, lau zutebeetan banatu zituen eta orokorrean zeinek izan ziren eztabaidatuenak agertu.
Txostena udalaren web orrian dago irakurgai.

2012/05/22

GREBA HEZKUNTZAN


Gaurko greba eguna deitua zen hezkuntzan, murrizketak direla eta.
Manifestazio jendetsu eta zaratatsua izan da Iruñean, argazkian ikusten ahal den bezala, eta heldu den asterako ere zenbait deialdi eginak dituzte: manifestazioa larunbatean eta grebak 22 eta 31an. Azken hau zerbitzu publiko guziendako
Gaurko grebak Baztanen izan duen jarraipena hau izan da:
  • Lekarozko DBH ikastetxean 64 irakasletik 39 greban.
  • Elizondoko lanbide eskolan 27 irakasletik 7 greban, horietako bi zerbitzu minimoetan
  • Elizondoko ikastetxe publikoan 36 irakasletik 6 greban
  • Oronoz-Mugaire, Arraioz eta Gartzain greban, zerbitzu minimoak bertzerik ez.
  • Iruritan 11irakasletik 6 greban ari dira.
  • Erratzun 4tik 1 greban
  • Zigan 2tik 1 greban 
  • Almandozen, Amaiurren, Arizkunen eta Azpilkuetan ez dute grebarik egin


2012/05/21

OSASUN ARLOKO MURRIZKETEN KONTRA ELKARRETARATZEA DONEZTEBEN

Marta Vera Nafarroako osasun kontseilaria bihar maiatzaren 23a Doneztebeko udalerat hurbilduko da zonaldeko alkateei osasun arloko aldaketak azaltzeko. Gure eskualdean ondorio latzak ekarriko dituela ikusita, Baztan, Bertizarana, Ituren eta Sunbillako alkateek deialdia egin dute elkarretaratzea egitera "Osasuna, herritarron eskubidea: Murrizketarik ez!" lelopean

  • Eguna: Maiatzaren 23a, asteazkena
  • Ordua: 12:00etan
  • Tokia: Doneztebeko Udalaren parean


NAFARROAKO ADMINISTRAZIO AUZITEGIAREN EPAIA UPNren ERREKURTSOAREN AITZINEAN


Baztango Udalak 2011ko urriaren 27an Batzorde Informatibo Iraunkorren berrantolaketen harira Osoko Bilkuran hartutako akordioaren kontra UPN-k errekurtsoa sartu zuen eta epaia eman du Administrazio Auzitegiak. 
Azalpenak emateko oharra igorri du prentsarat. Hemen duzue hitzez hitz.

DOLUA: BOLUNTARIOARENDAKO LAGUNTZA JARRAIBIDEAK.


Bidelagun elkarteak antolatua, Doluari buruzko ordu bateko lantegia eginen da maiatzaren 30ean. Bolondres eta edozein pertsonari zuzendua dago eta izena emateko maitazaren 25a baino lehen egin behar da 948.581327 telefonora deituz edo posta elektronikoaren bitartez bidelagun@hotmail.com.

  • NOIZ: Maiatzak  30a, atsaldeko 5etan
  • NON: Bidelagun Egoitzan. Elizondoko Osasun Etxearen ondoan.
  • Hizlariak: Mirentxu Goienetxe eta Ainhoa Arburua
Lantegia doanik da.