Baztango Udala herritarren eskuetan gelditzen da

Garbiñe Elizegik Alkate kargua hartu ondotik errandako hitzak.

Zorionak guztioi! Zorionak gaur hurbildu zaretenei, eguneroko lanetan aritu zaretenei, Maiatzaren 22an gure aldeko botoa eman duzuenei, zorionak baita ere etxetik urrun dauden eta gurekin gaur egoteko aukera ez dutenei, zuek guztiok egindako lanari esker posible egin duzuelako Bildu koalizioak alkatetza lortzea.
Kontent eta ardura guziekin hartzen dugu zuen mandatua eta prest gaude alkatetzak suposatzen duen ardura handiari behar bezala erantzuteko. Zuek, herritarrek, aldaketaren giltza Bildu koalizioaren esku utzi duzue eta gaurtik aurrera zeregin honi helduko diogu, aldaketa politiko, soziala eta instituzionala hitzetatik ekintzetara eramateko.
Lehentasunezko erronka, hemen eta Euskal Herria osoan, egoera demokratikoa lortzea izango da eta horri begira lan egingo du udal honek, guztion eskubide zibil eta politikoak onartuak izan daitezen. Horregatik bortxa adierazpen guztiak behin betikoz eta baldintzarik gabe desagertu dadin eskatzen dugu, baita mehatxuak, presioak, jazarpenak, atxiloketak eta torturak ere.
Gure udala herri honen normalkuntza politikoan lehen mailako eragilea izango da eta gure ekarpena egingo dugu zabaldutako aukera historikoa gauzatzeko helburuarekin eta gaur behatz puntekin ukitzen ari garen konponbidea, etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko oinarria izan dadin.
Honekin batera, udala eraldatzea izango da gure erronka. Nola? Bildu koalizioak eta Baztango Ezkerrak adostu dugun programa, abertzalea, ezkertiarra eta soberanista, herritarron esku jarriz eta beste herri bat eraikitzea posible dela erakutsiz.
Guztiontzat egingo dugu lan eta guztiokin, parte hartze demokratiko eta zabala bultzatu nahi dugulako datozen urteetan, elkarrekin eztabaidatuz, guztion parte hartzeaz erabakiz eta horretarako bitartekoak jarriz.
Herritarren udala nahi dugu eta herritar aktiboak nahi ditugu, erabakitzaileak, eta horren aldeko apustua egingo dugu.
Bukatzeko, gaur gure artean nagusi den ilusio eta itxaropenaren gainean egin dugu alkatetza lortzeko bidai eder hau, baina gaurko egunean hasten dugun ibilbide honetan, konpromisoa eta parte hartze kolektiboa ezinbestekoak izango zaizkigu emaitzak benetan emankorrak izateko. Hori da eskatzen dizueguna.
Besterik gabe, mila esker eta zorionak guztioi. 
Gaur 2011KO EKAINAREN 11TIK AITZIN 
BAZTANGO UDALA HERRITARREN ESKUETAN GELDITZEN DA.
GORA BAZTAN ETA  GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!