Baztango Euskalgintzatik ohar publikoa

Baztango Euskalgintzak Idazkari lanposturako euskara eskakizunaren inguruan izandako eztabaidaren gainean bere iritzia eman nahi du.

2011ko ekainaren 21ean, Baztango Udalak ezohiko bilkuran erabaki zuen bertan behera uztea aurreko udalak egindako behin-behineko idazkari lanposturako deialdia. Arrazoia, euskara jakitea meritu bezala eta ez eskakizun bezala jasotzen zela, eta horrela ez zen bermatzen idazkari horrek euskara jakitea. Udalak gehiengo osoz onartu zuen planteatutako mozioa eta honen inguruan egin diren adierazpen ezegokiak eta interpretazio okerrak argitzea da gure xedea.

Lehenik eta behin, bat egiten dugu Udalak hartu duen erabakiarekin, ulergaitza baita lehengo udalaren erabakia. Baztango Euskararen Ordenantzak garbi aski adierazten du Euskara Batzordeak aurkeztuko duela lanpostu bakoitzerako euskara eskakizuna. Gainera, Ordenantzak 18/1986-ko Foru Legean oinarrituta daude eta lege horri kasu eginez, Baztango Udaleko lanpostuetarako euskara ezagutzea beharrezkoa da. Are gehiago kontuan hartuta, Baztango biztanleriaren %80tik gora euskalduna dela eta gurasoen artean ia %100ak seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzen dituela.

 Udal bateko Idazkariak berebiziko garrantzia du haren funtzionamenduan, eta hanka-sartze ikaragarria izango litzateke euskara behar den bezala menperatzen ez duen pertsona bat hautatzea. Berriro ere txalotzen dugu  Udalak hartutako erabakia.

Baztango Udalean Batzorde Informatzaile Iraunkorrak oraindik osaturik gabe egon arren, Baztango Euskara Batzordea 2001eko apirilaren 20ko Osoko Bilkuran udalak aho batez onartu zuen. Hori horrela, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek jakin beharko lukete Batzorde Informatzaile Iraunkorrekin zer ikusirik ez duela.  

 Akitzeko, baztandar guztiak euskararen alde lan egitera animatu nahi ditugu, erabilerak bermatuko duelako euskararen normalizazioa.

Baztanen, 2011ko ekainaren 27ean.