NAZIOARTEKO KONFERENTZIA


Urrats handia 
konponbide integralaren bidean.

Datorren astelehenean Donostian burutuko den Euskal Herrian Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentzia agurtu nahi du Ezker Abertzaleak.

Gatazka politikoari aterabidea emateko nazioarteko komunitateak agerturiko konpromisoa txalotu nahi du berriro ere Ezker Abertzaleak.

Bruselako Adierazpena, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen aurkezpena eta taldeak buruturiko lan eskerga zein Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen osaketaren ostean, Euskal Herrian Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Nazioarteko Konferentzia antolatu izana, Euskal Herrian sorturiko egoera egonkortzeko urrats oso garrantzitsu bat da, bai eta gatazka politiko eta armatuari behin betiko aterabide konpartitu eta integralak emateko prozesuan aurrera egiteko.

Gisa honetako konferentzia bat antolatu izanak prozesua bultzatzen ari diren eragileen borondate irmoa frogatzen du. Horrela, Ezker Abertzaleak dei egiten die eragile guztiei, bai eta Estatu espainiar zein frantziarrari, arduraz eta era eraikitzailean jokatzera, gatazkari behin betiko aterabide demokratikoa emateko parez pare zabaldu den aukera probestu ahal izateko. Bake eta aterabideen agertokiaren eraikuntzarekin, guzti guztiok gara garaile.

Ezker Abertzalea,
2011ko urriak 11