ARGITERI PUBLIKOAREN BERREGITURAKETA


Baztango udaletik argiteri publikoaren gastua guttitzeko asmoarekin, ohar bat plazaratu du azalpenak hauek emanez:

Baztango udalak, Baztango herriekin elkarlanean argiteri publikoaren berregituraketa bat egin behar du. Ikusirik Baztanen gaur egun argiteri publikoko gastua 220.000eurokoa dela gutxi gora-behera eta kale batzuk sobera argiturik daudela (kontaminazio luminikoa), ekimen hau beharrezkoa da kontsumo arduratsu baten bidean kokatuta.

 Baztan guztira hedatuko den ekimen honek Elizondon izanen du hasiera, bertan kontsumo eta energia xahutze gehien ematen delakotz. Baztan Berri auzoa eta Santiago karrikak horren adibide garbiak dira.
 Iniziatiba honekin argiteri publiko logiko, eraginkor eta arduratsu bat bilatu nahi da, baztandarrentzako sekulako zama den gastu arrunta jaitsi bidenabar.
 Berregituraketa hau herrietako alkate eta kargodunekin elkarlanean eginen da udaleko mantenimenduko langileen laguntzarekin. Argi itzalketak, potentzia ajustatzeak eta fotozelulen erregulatzeak izanen dira lehen pausoak, udal eraikuntzen auditoriak eta inbertsioak jarraian etorriko direlarik. Bigarren hauek dirulaguntzen araberakoak izanen dira.
 Aldaketa hauek behin behinekoak izanen dira eta beharra ikusten bada aldaketa gehiagora irekita egonen dira beti ere kontsumo arduratsu logika baten barrenean.
 Besterik gabe lan hauek sortuko dituzten eragozpenen aitzinean pazientzia eta ardura eskatzen diegu herritar guztiei.
Baztango Udala