BATZAR NAGUSIAK ALMANDOZKO HARROBIA HANDITZEKO BAIMENA EMAN DU

UPNekoak eta Ezkerrakoak bakarrik 
gainerako batzarkideek Kintoko euren jokaerarengatik egindako protestaldian 

Baztango Batzar Nagusia aurten bigarren aldikoz atzo bildu zen. Bilkuran, Almandozko herri galdeketaren emaitza gogoan hartuz, Atxaren harrobia handitzeko baimena eman zen. Modu berean, harrobiko nagusiari hainbat arazo konpontzeko baldintzak ezarri zitzaizkion. Halaber, batzarkide gehienak UPNek eta Ezkerrak udalbatzarrean Kintoko Batzar Nagusiaren erabakia ez errespetatzeagatik bortz minutuz batzar gelatik lekutu ziren. 

Atzoko aurtengo bigarren Batzar Nagusian Atxaren eskariari erantzuna emanez eta Almandozko herri-galdeketaren emaitza kontuan hartuz, harrobia handitzeko baimena ematea erabaki zen. Aldeko 24 bozka izan ziren, kontrako 4 eta bi abstentzio. Modu berean, harrobiko sarbidea orain artio herritik egiten bazen, Almandozko galdeketan errrandakoa gogoan hartuz Abreiko parajetik sarbide berria egitea erabaki zen. Proposamenak aldeko 24 bozka izan zituen eta 6 abstentzio. Nolanahi ere den, harrobiak gaur egun sortzen dituen hainbat arazo konpontzeko bidean hainbat erabaki hartu ziren. Hasteko, harrobiko zabor piletarako lur okupazioa berria eskatu beharko du eta bertan urak bideratzeko pezoin modukoa egin. Bertzalde harrobiko ur zikinak kontzeko dekantazio baltsa egin beharko du, eta segurtasun eremuan dauden giltxaurrondoengatik balorazioa egin eta jabeei kalteordaina eman beharko die. Modu berean, Abreiko bidean izandako lurmendia garbitu beharko du pistaren lehengo zabalera berreskuratuz. Pista garbitzeak 6 hilabeteko epea izanen du eta gainerako lanetarako hiru. Proposamenak batzarkide guztien aldeko bozka izan zuen.

Batzar Nagusiko eztabaidan herrirat erori izan diren harriei buruz galdegin zen eta emandako erantzuna, orain harrobia iparralderat handituko dela izan zen, herritik urrunago, eta gauzak on bidean ez liratekeela horrelakorik berriz pasatu beharko. Bertzalde, harrobia handitzeko proiektuarengatik bi familia kaltetuak izanen dira eta konpentsazio gisa beraiek nahi duten inguruan luberri berriak eta handiagoak ematea erabaki zen, luberritzea, heste lanak e.a. Atxaren eskutik eginez. Proposamenak aldeko 24 bozka izan zituen, kontrako 4 eta 2 abstentzio.

Almandozko harrobiaren handiagotzearen gaiak hamar urte zituen eta batzarkideek atzo erran zutenez, oraingoan, 6 hilabeteko lanaren ondorioz aferak bideratzen hasi dira, jakinik betiere, denak kontent uzteko modua ezinezkoa dela, baina ahal den neurrian arazo guztiak konponduz. Baztango pistetarako zabor guztia harrobi horretatik ateratzen da eta 14 langile ditu; 100 urte dira harrobi hori Almandozen dela. Igandean Almandozko herrian harrobiaren handiagotzeari buruzko batzarra egin zen eta almandoztarren %58ak harrobia handitzea erabaki zuen. Hortaz, atzoko Batzar Nagusian erabaki horren haritik jokatu zen.

Bertzalde, bilkuraren hasieran UPNek eta Ezkerrak udaletxeko udalbatzarrean Kintoko Batzar Nagusiaren erabakia ez errespetatzeagatik batzarkide guztiak UPN eta Ezkerrakoak ez bertzerik protesta seinale gisa bortz minutuz batzar gelatik lekutu ziren.