BAZTANGO UDALAK AGOZPEKO ZENTRAL HIDROELEKTRIKOA ARAUTEGIRAT EGOKITZEKO INBERTSIOAK EGIN DITU

Agozpeko zentral hidrolektrikoa Baztango udalaren jabegokoa da eta, modu horretan, ondare publikoa mantentzeko eta hobetzeko egiten ari den apostuaren bidetik, arautegirat moldatzeko inbertsio desberdinak egin ditu. Alde batetik, Kantauri Isurialdeko Konfederazioaren eskariari erantzunez, errekaren emari ekologikoa bermatzeko sistema paratu eta zentralaren gaineko aldean dagoen presa erregistratu eta arriskuaren arabera klasifikatuko da; lan hauek denera 6.600 euroko aurrekontua izanen dute. Modu berean, errekaren emaria neurtzeko kaudalimetroa paratu da eta horrek 3.960 euroko kostua izan du. Inbertsio horien helburua, erran bezala, zentrala arautegirat moldatzea izan da. Gainerakoan eta ohiko mantentze lanei dagokionez presa hostoz garbitu da eta ubidearen ingurua desbrozatu da.
Agozpeko zentral hidroelektrikoak 2011. urtean 892.149 kw. produzitu zituen eta ekoiztutako kopuruarekin udaletxeak 78.000 euro jaso zituen. Ekoizten den elektrizitatea Iberdrolari saltzen zaio eta zentralaren ekoizpenaren eta merkatuko prezioen arabera, udalak jasotzen duen ordainean aldaketak izan daitezke.
Bertzalde, aipagarria da aurten abuztuaren 14tik urriaren 15erat ur-eskasiagatik zentrala geldirik egon dela; halako geldialdiak urtetik urtera arruntak izaten dira eta errekaren emariaren arabera luzeagoak edo motzagoak izan daitezke.