BAZTANGO UDALAK LIZARTZUKO BAZKALEKUAREN ISKINDEGIA EDO HESIDURA BERRITUKO DU.


Nekazaritza laguntzeko udalak duen konpromisoari jarraiki, Baztango udalak Lizartzuko bazkaleku komunaleko iskindegi edo hesidura guztia berrituko du, orain artiokoa guztiz deseginik eta urraturik baitago. Lan honek 154.000 euroko kostua izanen du (BEZ barne) . Kopuru horretatik Baztango udalak 94.000 euro ordainduko ditu eta gainerako 60.000 euroak Cederna-Garalurren laguntzari esker ordainduko dira. Aipagarria eta salagarria da Nafarroako Gobernuaren murrizketa politika aldrebesaren ondorioz, lan hauek ez dutela gobernuaren diru-laguntzarik izanen, nahiz eta gobernuaren urteko nekazal azpiegituretako planaren barnean onartua egon. 
Modu berean kontuan hartu behar da iskindegiaren egoera txarraren ondorioz aurten baserritar guttiagok egin dutela bertan aziendak kontzeko eskaera  - hamabortzek- eta, horrela, iaz baino buru guttiago izan dira; 2012an denera 29 behi eta miga, 104 behor eta pottoka eta 220 ardi sartu dituzte. Iskindegia berrituta baserrietako produkzioak atxekitzeko eta iraunarazteko behar-beharrezkoak diren bazkaleku komunalen eskaintza hobetuko dugu eta horrela baserritarrek gure ekonomiaren, gizartearen, ingurunearen eta kulturaren iraupenean duten garrantzia segurtatuko.