TORTURAK SALATZEAGATIK EGINEN DEN EPAIKETAREN SALAKETA


Prentsa agerraldi baten bidez zenbait baztandarrek salatu dute heldu den ortzegunean eginen den epaiketa jazarpen politiko eta poliziala dela, lekuz kanpo. Hauxe irakurri dute hitzez-hitz:
Baztango lau gazte 2010eko Elizondoko ihauteetan torturak salatzen zituen parodia egiteagatik irainengatik epaitu behar dituzte. Epaiketa heldu den ortzegunean izanen da eta akusatuetako bakoitzarendako 5.400 euroko isuna eskatzen du fiskaltzak.
Tortura Espainiako estatuak Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka eta disidentzia politiko eta soziala geldiarazteko, herritarrak beldurrarazteko eta mugitu gabe kontzeko tresna basati eta estrukturala izan da. Estrukturala Estatuko instantzia desberdinak: gobernuak, politikariak, epaitegiak, poliziak, legediak, sistemaren komunikabideak, politikariak elkarrekin aritu baitira giza duintasunaren kontrako praktika basatia hau babesten eta gauzatzen, beraiek eraikitako inpunitate markoak ahalbidetu du hamarkadetan zigorgabetasun osoz iraun duen praktika mespretxagarria.  Milaka dira Euskal Herrian torturak jasan dituztela salatu dutenak, hurbil-hurbilekoak ere bai, ez baitira gutti atxilotuak eta torturatuak izan direla salatu duten baztandarrak eta eskualdeko herritarrak.

Errealitate gaitz eta gordin horren aitzinean, salaketak izan diren kasu ia-ia guztietan salaketa horiek artxibatu edo makurragoa dena, estatuak fiskaltzaren bidez torturak jasan eta salaketa jarri dutenak salatu eta auzipetu ditu, horren adibide mingarri bat Mattin Sarasola eta Igor Porttu lesakarrekin pasatu zena dugu.
Gauzak horrela, Euskal Herrian torturak salatzeko ekimenak etengabe egin izan dira eta Elizondon ihauteetan egin zena horietako bat bertzerik ez zen izan. Modu horretan Baztango lau gazteen kontrako epaiketa estatuak tortura babesteko eraikia duen egituraren parte gisa dela salatu nahi dugu eta ez dela inondik ere onartzen ahal. Gainera, Euskal Herrian ireki den ziklo politiko berrian jazarpen juridiko eta polizialak guztiz lekuz kanpo daude. Euskal Herriak konponbide eta normalizaziorako bidea egitea hautatu badu ere, estatuak gerra estratejian segitzen du, bitarteko errepresibo desberdinak martxan dituela. Egoera gogor honetan gure herrikideei babesik eta elkartasunik beroenak eskaini nahi dizkiegu. Aldi berean, estatuari bere errepresio estrategia geldiarazteko eskatu eta torturarekin behin betiko akitzeko.
Modu horretan, heldu den urriaren 4an egitekoa den epaiketarat joateko gonbitea egin nahi diegu baztandarrei. Horretarako, eguerdiko 12etan Elizondoko plazan hitzordua eginen dugu. Bertzalde, egun berean, Elizondoko plazan ilunabarreko 8etan epaiketa salatzeko elkarretaratzea egiteko deia egina genuen, baina gaur goizean jakin dugunez Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak debekatu du, Espainiako gobernuaren izaera antidemokratiko eta filofaxistaren bertze adibidea. Ondoko egunean deialdi honekin zer eginen dugun publikoki jakinaraziko dugu.
Kriminalizaziorik ez. Torturik ez. Jazarpenik eta epaiketarik ez.