SAHARATIK 3



Saharar auzoa
2011ko irailaren 25ean hasi eta hiru egunez, Dakhla odolustu zuten istiluak gertatu ziren.
Dena futbol partida bat jokatzen ari ziren bitartean hasi zen. Dakhlako futbol taldeak (jokalari gehienak bertakoak dira), Marokoko Casablanca inguruko talde baten kontrako partida jokatu behar zuen eta hau aurrera zihoan eginean, kanpoko taldea animatzera joandako kolono marokoarrak (Dakhla hegoaldean bizi direnak), jokalari sahararrei harriak... botatzen hasi zitzaizkien.

Kolonoen auzoa

Ez zen ordea futbol zelaian dena akitu. Handik kanpora ateratakoan, kolonoen auzoa eta sahararrena bereizten dituen lursail haundi batean, hiru eguneko borrokaldia hasi zen.

Hegoaldetik, kolono marokoarrak eremu honen bertze aldeko sahararren auzoan sartzen saiatzen ziren, polizia zein militarren begiradapean. Bertze aldetik ordea, gogor erantzun zieten beraien etxeetan ebastera, erretzera...sartu ez zitezen.

Helburua bete ezin zutela ikusita, hiriko bertze auzoetara abiatu ziren. Hauetan, sahararrak gutxiengoa dira, baina gobernuarentzat lan egiten duten salatariei eskerrak, bertakoen etxeak lokalizatu, ebatsi eta erre egiten zituzten. Agerikoak dira oraindik istilu horien aztarnak (etxeak erreta, autoak, eskolak...).
Azkenik, hiru egun luze eta gero, polizia eta militar marokoarrek etxeratze agindua eman zuten. Ez aintzinetik zazpi hildako utzi gabe: bi militar (bat bere buruaz bertze eginda; bertzea bala galdu batek jota); lau marokoar kolono (erasora zihoazen bitartean auto istripuz); eta saharar bat (marokoarrek makiladaka eraila).
Honen ondoko egunetan, atxiloketa aunitz ere gertatu ziren. Sahararren eskubideen aldeko mugimenduan zebiltzan gehienak atxilotuak, torturatuak eta kartzelaratuak izan ziren. Momentu honetan,  hainbat dira oraindik Aaiungo kartzela beltzean hiru urteko zigorra betetzen daudenak.
Erran daiteke, guzti hau aintzinetik prestatua izan zela saharar ekintzaileak atxilotzeko eta hiri hontan edozer gerta dakiekeela erakusteko.Kalean ibiltzea nahikoa da, zein den zeinen etxea jakiteko.Marokoarren etxeetako sarrerak, egurrezko ate batez eginak dira. Sahararrenak aldiz, burdinezkoak dira eta bikoitzak gainera. Beraiek dioten bezala, urte bateko epean bi aldiz erasotuak izan badira, berriz ere gertatuko da.
Kalean gindoazela, gure lagun sahararrak: "begira; hori salataria da"  erran digu. Hauek izan ziren, familia sahararrak non bizi ziren erakutsi zietenak erasotzaileei. Salatari hauei, poliziak paga bat ematen die, eta lehen hauei informazioa pasatzen dion edonorentzat, olioa, azukrea eta gisa horretako elikagaiak merkeagoak dira.
Gure lagunak erraten duen gisan: "ez izan beldurrik kanpotik datorrenari, ondokoari baizik".