PALESTINAREN ALDEKO ELKARTASUNAK GAINEZKA EGIN ZUEN ELIZONDON

argazkia: Pello San Millan

Palestinar herriarekiko Euskal Herriko elkartasunaren gune izan zen Elizondo larunbatean. Euskal  Herria-Palestina sareak eta Baztango eragileek antolatuta egun ezin euritsuagoari kontra eginez ehunka lagun elkartu ziren egitarau jori eta oparoari erantzun paregabea emanez. Goizeko hitzorduen artean James Petras eta Adel Abou Salem palestinar errefuxiatuaren solasaldia aipagarria izan zen, Arizkuneneako sabaia 130 lagun ingururekin jendez lepo bete baitzen eta, bi hizlarien eskutik, harat bildutakoek inperialismoaren, sionismoaren eta palestinar herriaren sufrikarioaren berri izan baitzuten. 
Eguerdiko euskal preso politikoen eta palestinar preso politikoen aldeko ekitaldirat ere ehunka lagun elkartu ziren, baina eguraldi txarraren ondorioz, elkarretaratzea ez zen izan zitekeen luzituena izan. Bertzalde, goizeko lehen orduan, Baztango, Berako eta Lesakako udaletako ordezkariek Baztango udalean palestinar ordezkaritzari harrera egin eta udaletxeko balkoitik Palestinar bandera hedatu zuten. Baztango udalaren aldetik Garbiñe Elizegi alkatea, Florentino Goñi eta Maite Iturre zinegotziak egon ziren. Beratik Marisol Taberna alkatea eta Nekane Perez zinegotzi eta parlamentaria eta Lesakatik berriz, Xebe Txoperena zinegotzia. Bazkarirat ere Nafarroako Parlamentuko bertze bi parlamentari etorri ziren: Juan Carlos Longas, berriki Yolandaren aurkako zentsura mozioan hautagai alternatibo gisa aurkeztutakoa eta Bixente Barea.
Bazkarira, bertzalde, 200 lagun inguru elkartu ziren eta Fermin Balentzia tafallar kantariaren emanaldiaz ederki gozatu zuten. Eguneko egitarauaren baitan Baztandarren Biltzarreko gorapean Palestinar errefuxiaten aldeko mural ikusgarria egin zuten, Palestinara itzuliko gara lema daramana. Gainerakoan gaueko kontzertuetarat ehunka jende hurbildu ziren, Baztandarreneko gorapea betez, baita gaztetxea ere. Egunean barna ere palestinar dantzak izan ziren, arabiar hameketarakoa, haurrendako jokuak e.a. Euria eta eguraldi txarra gora-behera giro ederra izan zen eta Palestinari buruzko elkartasunean mugarria Baztanen, hemendik aitzinerat elkartasuna modu sakonago eta jarraituagoan lantzeko balioko baitu.