BAZTANGO UDALAK ERANTZUNA EMAN DIO DIARIO DE NAVARRAREN KALTEORDAINARI BURUZKO BERRIARI

Diario de Navarra egunkariak Baztango LOEE edo Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua onesteko prozesuaren berri eman du atzo eta hitzez hitz dio Udal hau dagoela “aldatu nahi dituen bi proiekturi kalte-ordainak ematearen arriskupean”. Alabaina, nahiz eta egia izan Baztango Udalaren Hirigintza Plan berria prestatu duen lantaldeak horrelako ohartarazpen bat egin izana, ohar batzuk egin beharrean gaude, zertarako eta albiste horretan aipatzen diren bi espedienteen egoerari buruzko interpretazio okerrari erantzuteko.


Egia erran, bi hirigintza-jarduketa dira eta biak ere, gaur egun, errekurtso administratiboetan edo judizialetan sarturik daude. Erran nahi baita, ez dakigu zehatz-mehatz etorkizunean bideragarriak izanen ote diren. Lehen instantzian, hirigintza-jarduketa horiek UHP edo Udalaren Hirigintza Plan berriaren aurreikuspen estrategikoetatik kanpo uztea aukeratu da, hainbat arrazoi direla medio: hain zuzen ere, parte-hartze prozesuak, udal teknikarien irizpidea, udal gehiengoaren iritziak eta afektatuak dauden herriak (Lekaroz eta Elizondo) izan duten kontrako jarreragatik, bi jarduketa horiek kontraesanean baitaude proposatu den lurralde okupazioaren ereduarekin (LOEE). Hirigintza-jarduketa horietako edozeinek erabateko bideragarritasun juridikoa lortuko balu, Udal honek behar bezala baloratuko luke eta horri nola heldu erabakiko luke. Betiere, eta argi eta garbi geldi dadila, kalte-ordainen suposizioa arrunt errefusatuz. 

Bertzalde, lantalde prestatzaileak deskribatu duen aukera hori iritzi hutsa da; hau da, Udala, bi kasuetan, kalte-ordainen suposizio batean eror litekeela. Iritzi horrek badu zerikusia lantalde prestatzaileko ordezkaria Palacio de Arozteguía enpresaren aholkulari juridikoa izatearekin, enpresa hori izaki golf zelaiaren eta horri lotutako 255 etxebizitza eraikitzeko proiektuaren sustatzailea. Ez gaude inola ere ados iritzi horrekin, eta eztabaida hori auzitegietan ebatziko da. AR-1 proiektuari dagokionez, bertzalde, Udal honek ere ez du uste kalte-ordainen suposizioa une honetan dagoenik; gainera, jabe sustatzaileak Banaketa Eremu horretarako planeamendua aldatu nahi duen arren, behin betiko onespena ere ez du jaso. 

Honengatik udal honek gutxi batzuen interes ekonomikoengatik hirigintza baliabideen erabilera arduragabea egin beharrean herritarren gehiengoaren interesak defendituko ditu. Aldi berean, gai honen inguruan zalantzak dituzten guztiak bilera informatiboetan partehartzera gonbidatzen ditugu.