BAZTANGO UDALAK GARAPEN MUGATUAREN ALDE EGITEN DUEN LURRALDE OKUPAZIO EREDU ETA ESTRATEGIAREN ZIRRIBORROA ONARTU DU

Abuztuaren 29an egin zen Baztango udalbatzarrean Lurralde Okupazio Eredu eta Estrategia behin behinean onartu zen. Txosten hau Baztango Udal Planaren lehen zatia da, hau da, Baztango hiri-garapena edo garapen urbanistikoa antolatzen duen txostenaren lehen zatia. Lurralde Okupazio Eredu eta Estrategiaren idazketa aitzineko legealdian hasi zen, baina udaletxe berriak, idazketari buruz prozesu parte hartzailea bulkatu zuen eta onartu berri den zirriborroan aldaketa nabarmenak dira. Garapen mugatu baten aldeko apostua egin da, 10.000 herritarreko aurrikuspena eginik lehen bizitegia eta kolektiboa lehenetsiko litzateke. Oraingo herri-egiturak errespetatu eta indartuko dira, horien barnean eraginez eta zaharberritzea bulkatuz.
Bi hilabeteko esposaketa publikoa eginen da kuartelka bilera informatiboak eginez. Ondoko hilabetean herritarrek alegazioak egiteko aukera izanen dute.
Udala batzarrean UPNek  zirriborroaren kontra egin zuen txostenean parte hartze prozesuaren ondorioak biltzen ez direlakoan eta Elizondoko 1. Banaketa Area eta Aroztegiako proiektua planetik kendu direlako.
NaBai2011ko Maite Iturre zinegotziak berriz zirriborroak parte hartzearen ondorioak jasotzen dituela erran zuen eta, dokumentua, txosten kolektibo moduan onargarria dela. 
Azkenik Garbiñe Elizegi alkateak zirriborroan parte hartze prozesuko ekarpenak modu orokorrean bildu zirela aipatu zuen eta, Elizondoko 1. Banaketa Arearen eta Aroztegiako proiektuaren inguruan Elizondoko eta Lekarozko batzarreen erabakiak kontuan hartu direla.